Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Ezagutu ezazu... Haritz Arana

Bere ibilaldiaren inguruko kontu guztiak TAKE-ri kontatu dizkio, kadete mailan saskibaloian jokatzen hasi zenetik, 19 urte beranduago lehen taldean jokatzeari utzi dion arte.

1.- Noiz hasi zinen saskibaloian jolasten?
Kadete mailan, Bartzelonako Olinpiaden ostean. Uf, zenbat urte… Begoña soinketako irakasleak klasean ikusi eta pare bat laguni esan zigun: “Zuek altuak zarete ezta? Ba asteartean bostetan entrenamendua daukazue”. Eta begira esaldi horretatik noraino iritsi garen…

2.- Zein izan da zure erreferentea?
Junior mailan entrenatzaile izan nuen Tomas Mendizabal-ek “Almirante” izengoitia jarri zidanetik, David Robinson NBA-ko jokalari ohiari begi bat botatzen nion, baina gustukoen izan dudan jokalaria Joe Arlauckas izan da, posizio berean jokatzen bainuen, azken urteetan hegaleko postuan ere jokatzen aritu naizen arren.

3.- Ze oroitzapen dituzu kiroldegi zaharreko garaiez?
Xarma berezia zuen kiroldegiak. Garai hartan klubak zuen dimentsiorako nahikoa genuen horrekin baina momentu honetan ezinezkoa izango litzateke kiroldegi harekin herriak, eta bereziki TAKE-k, duen beharra asetzea. Oroitzapen politak ekartzen ditu publikoak harmailak betetzen zituenean batez ere. Azken urteetan beherakada nabaria izan zen ikuslegoen kopuruan eta orain kiroldegi berriarekin eta klubak izan duen hazkuntzarekin larunbatero harmailak nola betetzen diren ikustea zoragarria da.

4.- Nola ikusten duzu saskibaloia Tolosaldean?
Oso ondo esango nuke nik. Orain urte gutxi pentsaezina izango litzateke 200 pertsonatik gora izatea klubean eta ikastetxe mailan ere emaitza onak izaten ari dira Gipuzkoako txapelketetan. Tolosaldean TAKE da inguruko gazte gehientsuenak biltzen dituen kluba eta ACB-n Lander Lasa aritzeak ere inguruko gazteei saskibaloiarekiko interesa piztea ekarri du.

5.- Gustura al zaude TAKE jasaten ari den eboluzioarekin?
Gustura bai. Orain urte batzuk beldur pixka bat ematen zigun urtez urte talde gehiago eta gehiago sortzen aritzea, baina azken bi urteetan egoera egonkortu dela dirudi eta horregatik aurten eman diogu azken bultzada TAKE Eskola sortuz. Datozen urteetan klubaren tamaina bere horretan mantenduko dela iruditzen zait (talde bat gora behera). Orain da fruituak jasotzen hasteko garaia eta bi urte barru ospatuko den 25. urteurrenak esan beharko liguke etorkizunean zein den TAKE-k izan behar duen lekua Euskal Herriko saskibaloian, bai lehen talde eta baita harrobiari dagokionean.

6.- Nola ikusten duzu TAKE, nesken parte-hartzearekin?
Orain 4 urte egindako apustua positibotzat jotzen dut. Ordu arte ez zen neska talderik izan TAKE-n, nahiz eta Tolosa mailan izan zen talderik eta baita jokalari garrantzitsurik ere. Momentu honetan 4 dira TAKE-n daude neska taldeak eta egia esan beste kolore bat ematen diote klubari. Nesken taldeek dute TAKE gehiago hazi edo ez haztearen giltza, mutilen taldeek ez baitute hainbesteko gora beherarik izango etorkizunean. Nesken aldeko apustua garbia da klubaren aldetik eta ea klubaren partaide kopurua berdintzea lortzen dugun mutil eta nesketan.

7.- Zein da TAKE-ren filosofia?
Uf, galdera zaila eta agian beste norbaitek erantzun beharko lukeena.

8.- Zer eman dizu TAKE-k?
Eman didan gauzarik garrantzitsuena bertan ezagutu ditudan lagunak dira. Horretaz gain, adin desberdinetako jendearekin aritzeko aukera eman dit niri behintzat eta hori pertsonalki oso aberasgarria izan da. Kirol mailan ere, zorionez, poz gehiago jaso ditut nahigabeak baino (edo nahigabeak ahaztu nahi izan ditut).

9.- Hemendik aurrera zer?
Mmmmmmm, nik jakingo banu…
Ez det uste bizitza asko aldatuko zaidanik. Ordu libre gehiago izango ditut kirol mailako exijentzia hain handia ez delako izango, baina aztertu beharra dago bigarren taldean arituko naizen edo ez (bai teknikoek duten intentzioan eta baita nik izan dezakedanean ere). Kirol arloaz gain klubak ere ordu dexente eskatzen ditu dena ahalik eta ondoen joan dadin eta susmoa daukat datorren 4 urteak lanpetuagoak izango ditudala aurrekoak baino…

10.- Espero al zenuen klubak egindako omenaldia?
Zerbait espero nuela egia da, klubean hainbeste urtetan egonda ezaguna nuelako zer nolako agurrak izaten diren. Baina omenaldi bertan momentu batzuk izan ziren espero ez nituenak eta benetan hunkitzea lortu zutenak (bai partiduan zehar eta egunean zehar ere). Zein momentu diren? Hori niretzako gordeko dut. Bide batez, lerro hauek baliatu nahiko nituzke Maiatzak 14 hartan kiroldegian izan zirenei eskerrak emateko eta batik bat omenaldiaren antolaketan parte hartu zutenei, bai baitakit zenbat kostatzen den horrelako lan bat hartzea eta protagonista jakinaren gainean ez egotea lortzea.

11.- Zurea da hitza; TAKE-ren inguruko gogoeta txiki bat egin.
Aurreko galderetan nahikoa txapa sartu dudala uste det honen inguruan. Hemendik bi urte barru ospatuko du klubak 25. urteurrena eta pixkanaka buru belarri jarri beharra daukagu festa mundial bat prestatzeko. Orduan jasoko dute benetan merezi dutenek omenaldi beroa.

menu
menu