Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Ezagutu ezazu... Ion Izagirre

Oso lanpetua bizi bada ere, elkarrizketa esanguratsu bat eskaini dio lehen taldeko kapitainak TAKE-ri. Adinez gaztea bada ere, taldeko beteranoetako bat da. Badugu zenbait urtetarako kapitaina.

1.- Noiz hasi zinen saskibaloiarekin zaletzen?

Txikia nintzenean eskubaloia nuen gustoko. Anaiak eskubaloian jokatzen zuen eta aita eskubaloiko taldeko delegatua zenez, partidu guztiak ikustera joaten nintzen. Baina eskolarteko kirola egiten hasi nintzenean segituan zaletu nintzen saskibaloian jokatzen eta orduan hasi nintzen TAUGRES jarraitzen.

2.- Ze oroitzapen dituzu garai haietatik?

Garai haietan, gehienek nahiago zuten futbolean jokatu eta gutxi ginen saskibaloian jokatzen genuenak. Gogoan dut, alebina nintzenean entrenamendu batean entrenatzaileak futbola edo saskibaloia nahiago genuen galdetu zigula. Bakarra izan nintzen saskibaloia nahiago zuena! Mikel Txiki zen entrenatzailea, eta handik aurrera minutu gehiago jokatzen hasi nintzen.

3.- Garai hartatik, gaur egungo saskibaloira aldaketik nabaritzen al duzu?

Bai, nik uste gero eta azkarrago jokatzen dela eta jokalarien baliabide teknikoak ere hobetzen dijoaztela pixkanaka. Tolosan bertan, gazteak gero eta gaitasun gehiagorekin datoz.

4.- TAKE-n hasi zinenetik gaur egunera, aldaketa handiak eman ditu klubak, ze iritzi duzu honen inguruan?

Ni TAKE-n hasi nintzenean ez nekien TAKE klub moduan existitzen zenik ere. Hiru talde besterik ez zeuden, Seniorrak, Jubenilak eta Kadeteak. Gaur egun klubaren egitura sendoagoa da nere ustez eta egindako lanari esker talde kopurua asko haunditu da. Garrantzitsuena, gero eta ume gehiagok nahiago dutela saskibaloian jokatu!

5.- Ion Izagirre “Trasta” izenez ezagutua, nondik dator goitizen hori?

Seniorretan jokatzen hasi nintzenean, nere taldekideak segituan konturatu ziren askotan erortzen nintzela lurrera (noizbait bakarrik korrika joanda ere erori izan naiz...). Ez dakit ziur zeinek asmatu zuen baina nik lehenengo aldiz Kaieti entzun nion "Trastabillas" hitza. Hasieran horrela deitzen zidaten baina luzeegia denez "Trasta"-rekin geratu naiz.

6.- Lehen taldearekin arituko zara aurtengo denboraldia, kanpitainaren zama bizkar gainean hartuta, taldearen bizkar-hezur gisara sentitzen zara?

Nere laugarren urtea izango da kapitain modura, eta gero eta argigo daukat gure taldea kapitain askoz osatuta dagoela. Bakoitzak gauza desberdinak ematen dizkio taldeari eta denon artean osatzen dugu taldearen bizkar-hezurra.

7.- Jokalari izateaz gain, entrenatzaile lanetan ere aritua zara. Non ikusten duzu erosoago zure burua?

5-6 urtez izan naiz entrenatzailea TAKE-n eta aurten hasiko naiz talde bat entrenatzen berriz ere. Hala ere erosoago sentitzen naiz jokalari moduan. Entrenatzailea izatea gustoko dudan arren, niri benetan gustatzen zaidana jokatzea da.

Talde bat entrenatzen hasi nintzenean, gaztetxoei jokatzeko aukera emateagatik izan zen eta ez entrenatzailearen munduak erakartzen ninduelako.

8.- Zure jokoa nola definitzen duzu? Zer goraipatu eta hobetuko zenuke?

Taldeko jokalaritzat dut nere burua. Kantxan ahal deten guztian laguntzen saiatzen naiz eta puntuak sartzea gustoko izan arren, normalean taldearentzat hoberena dena egiten saiatzen naiz.

9.- Hurrengo urtean TAKE-k 25 urte betetzen ditu, zer zor diozu klubari?

Gustokoen dudan kirolean jokatzeko aukera ematea, eta batez ere lagun onak eta merezi duten pertsonak ezagutzeko aukera eta haiekin bizi izandako esperientzi ezberdinak.

10.- Nola ikusten duzu TAKE-ren etorkizuna?

Azken urteetan egindako lan onagatik eta orain egiten den lan onaren ondorioz etorkizun ona duela uste dut. TAKE-k saskibaloia erakusten du baina era berean lan soziala ere egiten du, eta hortan jarraitu behar dugula iruditzen zait.

menu
menu