Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Crowfounding-a abiatuko du TAKE-k dirua biltzeko

Aurrekontua bikoiztera behartuta egon ondoren, 10.000 euro lortzeko helburua jarri dio TAKE-k bere buruari. Crowfounding-az gain, laguntza txartelak eta enpresa txikiei bideratutako publizitate estatiko eskaintzak txertatu dituzte kanpaina berriaren barnean. Taldeak, berriz, ez du aldaketarik izango, blokea mantenduko da.

Maiatzean igoera lortu zuenetik aro berri batean murgildu zen TAKE Saskibaloi Taldea. Egun batzuetan atseden hartu ondoren, hilabeteko lan handia egin du zuzendaritzak, maila berriak, klubean hainbat aldaketa eragin baititu. Esanguratsuena, lehen taldearen aurrekontuan: 25.000€ eta 30.000€ artean izango da aurten, iazkoaren bikoitza.

Aurrekontu horretara iritsi, eta txapelketa "behar den moduan" ekiteko, alor ekonomikoan "berregituraketa" bat egin dutela azaldu du Koldo Arsuaga presidenteak: "Jendea gaztea sartu dugu, ideia berriekin". Josu Arregi eta Ignacio Gabarain dira alor honetan alboan izango dituen kideetako bi, eta eurek diseinatu dute dirua lortzeko klubak jarriko duen kanpaina.

Bi norabide nagusi izango ditu kanpainak, bata, laguntza txartelena; eta bestea, Crowfounding batena. Hirugarren modu bat ere izango da, enpresak eta publizitatearena. Bide horien bitartez, 10.000 euro lortzeko helburua jarri diote beren buruari.

Laguntza txartelak

Aurreko urteetan bezala, laguntza txartelak jarriko dituzte eskuragarri, eta hauek eskuratuz gero, neurketa guztietara joan ahal izango da. 14 eta 18 urte bitartekoen txartelak hamar euroko balioa izango du, eta helduenak, berriz, 25 eurokoa. Urte osorako txartela erosten ez dutenek, hemendik aurrera, Usabal Kiroldegian jokatzen diren norgehiagokak ikusi nahiko balituzte, sarrera ordaindu beharko dute: bi euro gazteek, eta lau helduek. 14 urtez apizkoak doan sartu ahal izango dira.

Horrez gain, atsedenaldietan, giroa berotze aldera, jokoak prestatuko dituzte. "Aurreko urteetan hainbat aktibitate egin dira, triple jaurtiketa esaterako. Aurten gehiago pentsatu ditugu, zelai erdiko jaurtiketa txapelketarena, esaterako", azaldu du Arregik.

Crowfounding bat interneten

Bestalde, internet eta sare sozialek eskaintzen dituzten baliabideak ustiatu asmotan, crowfounding bat egitea otu zaie, hau da, jendean diru kantitate bat emateko aukera izango du. "Beste klubetako esperientziak onak dira", esan du Gabarainek. Oraindik guztiz zehaztuta ez duten arren, irailaren 1etik aurrera, hilabete amaierara arte egongo da dirua emateko aukera. Emandako kantitatearen arabera, trukean opari bat jasoko du parte-hartzaileak: kamisetak, sinatutako argazkiak... "Egunak gerturatzen joan ahala, gure sare sozial ofiziala erabiliko dugu zehaztapen gehiago emateko".

Enpresa txikien bila

Norbanakoez gain, enpresei ere eskatu die laguntza TAKE-k. Trukean, etxeko partidetan publizitatea jartzeko aukera eskaintzen diete. "Enpresekin harremanetan jartzen hasi gara, publizitate estatikoa indartzeko, izan ere, nahiago ditugu diru gutxiago emango diguten enpresak alboan izan, asko ematen duen bakarra izan baino. Zer gertatuko litzateke handi hori joango balitz? Umezurtz geratuko ginateke".

Kamisetako publizitatea ere "kolokan" dagoela onartu du Arsuagak: "Aurreko urteetan Bide-Bide Donostia izan da, baina oraindik ez dakigu datorren denboraldian bera izango ote den, edo aldatuko ote dugun".

Udalari ere eskatu diogu laguntza, baina ez diruzkoa. Izan ere, EBA ligan jokatzeagatik, federazioak aldageletarako sarbidea egokitzea eskatzen digu –tunel bat jartzea– eta kantxako marrek zuriak izan behar dutela diote. "Horiek udalarekin egitea hitzartu dugu".

Bloke bera mantenduko da

Kirol arloari dagokionez, lehen taldeak abuztuaren amaieran ekingo dio aurredenboraldiari. San Bartolome inguruan, aurreko urteetan bezalaxe, Kataluniara joango dira, Vic herriko txapelketan lehiatzera. "Aurreko urteetan emaitza onak eman ditu, eta errepikatzea erabaki dugu". Ondoren, abuztuaren 30ean, Pau-ko talde baten aurka lagunarteko partida bat jokatuko du Usabalen.

Denboraldiari ekin aurretik, Euskal Kopa jokatuko du lehen aldiz TAKE-k, eta gainera, fase finala Tolosara ekartzeko aukera dagoela aurreratu du presidenteak: "Agian ez gara iritsiko, baina herrian saskibaloia hedatzeko aukera ona izan daiteke".

Bestalde, Yon Gonzalezek ia pasa den urteko talde bera izango du bere esanetara. Beñat Azaldegik taldea utziko du, datorren urtea kanpoan izango baita ikasketak burutzen. Iñigo Morenok, berriz, lehen taldeko fitxa izango du, nahiz eta pasa den urtean neurketa batzuk jokatu zituen. Horrez gain, Iñaki Amondarain eta Ibai Gil, bigarren taldeko jokalariek, aurredenboraldia lehen taldearekin egingo dute, eta "baliteke neurketaren bat jokatzea".

menu
menu