Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

TAKE eta Goar, luxu bat

Tolosaldeko Ataria

TAKEk Cantbasketen aurkako garaipenarekin amaitu du bere bigarren denboraldia EBA mailan. Goar Artetxek ere txalo zaparrada jaso du bere agurrean.

Azken bi urteotako kronika guztiak liburuxka batean gorde ditu Goar Artetxek, TAKEren historian mugarri izan ziren une horiek ahanzturan eror ez daitezen. Baina saskibaloiaren baitako milaka une gehiago eramango ditu Goarrek oroitzapenen kutxara. Azkenak, igandean bizitakoak: ahaztezinak.

29 urteko ibilbide oparoari agur esan zion 5ak, eta aukerak merezi zuela-eta, inoiz baino jende gehiago gerturatu zen Usabal kiroldegira. Taldeak ere merezi zuen horrelako agur bat: a zer nolako urtea oparitu dutena berriro ere.

Eta giro berezi hori aprobetxatuz, jokalariek ez zuten hutsik egin eta Cantbasket mendean hartu zuten. Hasieratik bukaerara nagusi izan ziren; 66-50 azkenean, eta dagoeneko EBA mailako talde guztiak garaitu ditu, gutxienez behin. Ez da datu makala, maila horretan bi urte bakarrik daramatzan talde batentzat.

"Talde garaipena" izan zela dio Yon Gonzalezek: "Guztiek bildu zituzten puntuak, guztiek borrokatu zuten, guztiena da garaipena. Eta atzoko egun berezi batek garaipena behar zuen".

Goarrek ez zuen bere ibilbideko azken hirukoa sartu, baina berarentzat, garaipenik handiena jaso zuen txalo zaparrada izan zen; aulkira sartu zuten unean lehenengo, eta amaieran egindako omenaldian, gero. Zaleak eskertu eta gero, taldekideei, etorkizunari, bota zien mezua hunkituta: "Segi gogor lanean, gauza asko lortu ditugu eta ezin dugu erlaxatu".

Nik Goar jokatzen ikusi nuen esan dezakegu haur, gazte eta heldu askok. Baina Goar ez ezik, Julen, Iñigo, Jon, Beñat, Kaiet, Karim, Iñaki, Lander, Ion, Miguel, Telmo, Josu eta Ibai ere ikusi ditugu, bigarren urtez, EBA mailan jokatzen. Hirugarren aldia ere izango da. Hori bai luxua.

Zortzigarren:

Honenbestez, sailkapen nagusiko zortzigarren lekuan amaitu du TAKEk bere bigarren denboraldian, 13na garaipen eta porrotekin. "Pozik nago emaitzarekin, baina uste dut gutxienez bi garaipen gehiago izan behar genituela", dio Gonzalezek.

Urte "zaila" izan dela onartu du: "Amateur mailako lehen mailan gaude, eta horrek zailtasun asko du. Bigarren urtea beti izaten da zailagoa, baina mantentzea lortu dugu eta harro egoteko moduko emaitza da".

Datorren urtean ez da Goar izango, baina bai beste asko: "Orain arte jokalari batzuk beteranoen babes gehiago izan dute, baina aurrerapausoa emateko ordua iritsi zaie. Eurak izan behar dira erreferenteak".

menu
menu