Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Lehenengo garaipena junior mutilentzat

Hernani KE taldearen aurka lortu dute gure mutilek denboraldiko lehen garaipena

Igande goizean zuten hitzordua, TAKE Tolosa eta Hernani KE taldeek Usabal kiroldegian. Bi taldeek denboraldiko lehen garaipena lortzeko aukera zuten eta zorionez, Tolosarrak izan ziren garaile.

Partida ordea, aspergarri xamarra suertatu zen hasieratik. Erritmo baxua eta akatsak ziren nagusi zelaiaren bi aldeetan. Lehen lau minutuetan ez zuten saskiratzerik lortzerik izan Tolosarrek eta aurkariak 5 puntu aurretik jarri ziren horri esker, 0-5. Hurrengo minutuetan 7-0eko partzial txiki batekin markagailua irauli zuten Tolosarrek eta horrela, lehen laurdenaren amaieran aurretik ziren markagailuan, 9-7. 9 puntu hauetatik 6 Josu Lertxundik sartu zituen atzean eginiko lanaz baliatuta kontraeraso azkarrekin puntuak lortuz.

Bigarren laurdenean, gauzek bide beretik jarraitu zuten, taldeari atzean gogortasun pixka bat falta zitzaion oraindik baina erasoko antolaketa hobea zen eta gauzak bideratuz zihoazen. Pixkanaka pixkanaka, taldea landuriko gauzak erakusten hasi zen eta aurkariek erasoan huts egitearekin batera gauzak asko erraztu zitzaizkien gureei. Atsedenaldian, 23-12.

Hemendik aurrerakoak ez zuen misterio gehiegirik izan. Tolosarrek ardurak hartzeko gogoa dutela erakutsi zuten eta partidari eusteko asmoa zutela. Horren ondorioz, Hernaniarrak ez ziren inoiz ere markagailua arriskuan jartzera iritsi eta 13 puntuko abantailarekin iritsi zen partida amaierara.

Partida hotza. Horrela definitu ahalko litzateke partidua. Entrenatzaileak haserre xamar ikusten zutenarekin eta jokalariak aldiz zelaian emozio haundiegirik transmititu gabe.

Badugu erronka hemendik aurrera. Jokalariak izan daitezela emozioak transmititzen dituztenak zelaian jokatzen ari direla (ahal denean, pasioa, grina eta horrelakoak mesedez) eta entrenatzaileen izan dezatela aulkian zein mantendu ez jakitearen buruhaustea. Seinale bikaina izango da hori. Jokalariak zelaian gozatzen eta entrenatzaileak gustura denek euren onena ematen dutelako.

Badugu lana hori lortzeraino!

menu
menu