Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Saiatzea bera asko da

Easoren aurka 62-23 galdu zuten junior neskek

Larunbatean arratsaldean 6ak inguruan jokatu zen Easo eta Take Aralar Kirolak-en arteko norgehiagoka Bentaberri polikiroldegian. Hasera haseratik gogo eta ilusio faltarik ez zen izan, beroketa txukun baten ostean, apur bat beranduago bazen ere partida hasteko prest zeuden denak. Aipatu behar da, deialditik kanpo geratu zirela Leire eta Maddi arrazoi desberdinak medio.

Lehen laurdenean partidan sartzea izugarri kosta zitzaigun, donostiarrek euren jokoa nagusitu zuten kantxan eta etengabeko kontraerasoek hutsarte derrigor bat eskatzea bultzatu zuen entrenatzailea. Mezua argia izan zen, euren jokoa geratzea eta hortik aurrera lan hori egiten saiatu ziren gure neskak. Bigarren laurdena ere bide beretik joan zen, baloi galdu ugari, kanasta azpian asmatu ezina eta erasotzeko beldurra urrutira usaintzen zen. Horrela 32-15eko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira.

Handik bueltan, indarrak berritu eta gauza berriak egiteko gogoz kantxaratu ziren gure neskak. Defentsa asko estutu zuten tolosarrek eta ez zizkieten gauzak hain erraz jarri aurkariei baina erasoari begira astun eta asmatu ezinik ibiltze horrek jokalari batzuen etsipena ekarri zuen. Azkenean partida 62-23ko emaitzarekin amaitu zen.

Argi geratu zen aurkariak beste erritmo bat zuela, guk gurean zentratu eta irakurketa egokia egiten saiatuko gara, oinarritik txukun eraikitzeko gure bidea. Saiatze bera izugarria izan zen! Aupa zuek!! Bide onetik goaz!!

1,2,3 TAKE!!

menu
menu