Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Hirugarren garaipena errenkadan

Junior mutilek igandean Easoren aurkako partidua irabazita, hirugarren jarraipena lortu zuten jarraian

37-25. Markagailua ikusita, defentsek agindu zutela pentsatuko luke jende askok. Hein batean, hala izan zen baina ez partida osoan zehar. Faktore ezberdinak izan ziren horren markagailu bajua izatearen kausa.
Epaileek oso altu jarri zuten falten muga eta beraz, bai alde batean zein bestean gogor jokatu zuten defentsek eta erasoko aukera garbiak izan behar zutenak, ez horren garbi izatera pasatzen ziren mugako kontaktuei esker. Lehen zatian ordea, epaileak baino, jokalariak izan ziren saskiratze gutxi lortzearen errudunak. Galdutako baloiak ez baziren, jaurtiketa aukera txarrak ziren saskiratzeak lortzen uzten ez zietenak. Gure mutilen kasuan, erritmo biziz eta sekulako gogoz igotzen zuten baloia erasoko eremura eta behin hemen, pultsazioek edota aipaturiko gogoak bultzatuta, lasaitasunez erabakitzeko komeriak zituzten kasu askotan. Erritmoa ona zen eta ez zien aurkariei erasoan asmatzen uzten, baina erasoan heldutasun puntu bat erakustea falta zitzaien oraindik. Gauzak horrela, 15-7 atsedenaldian.
Hirugarren laurdenean egin zuen taldeak egoera zehatzak bilatu, aurkitu eta horietatik zukua ateratzeko ahalegina. Saskitik gertu baloi gehiago jaso zituzten barneko jokalariek, sarreretan min gehiago eman zuten kanpoko jokalariek eta atzean serio jarraitu zuen taldeak. Horri esker, atsedenaldiko aldea ez zen inongo momentutan jaitsi eta partida amaieraraino eroso xamar jokatu ahal izan zuen taldeak.
Era guztietako partidak ari gara ikusten aurtengo denboraldian, emozioz beterikoak, joko txarra eta ona tartekatzen duten partidak, aurkari handien edota txikien aurkakoak. Denetarik! Taldeak egoera bakoitzean borrokatzen, gogorra izaten eta kementsu izaten asmatu beharra dauka. Jokalari bakoitzak bere lekua aurkitu arte pasa daiteke denbora bat baina horretarako bada bidea errazten duen aldagai bat. Gogoa. Igandean denek taldeari zerbait eman nahi diotela argi geratu zen eta beraz, ezin triste sentitu hori dela eta.
Asteburu gogorra jarraian datorkiguna. Kanpoan jokatzea ez da sekula samurra izaten. Eutsi!

menu
menu