Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Gogor borrokatuz lortutako garaipena

TAKE Aralar Kirolakek 44-30 menderatu zuen Donosti Dolphins taldea, igoera faseko lehen garaipena lortuz.

Kantxa aldaketa dela eta, berriro Usabalen jokatzea egokitu zitzaien TAKEko senior neskei. Berriro aurkari indartsu baten kontra, baino kasu honetan ezaguna zena. Lehen fasean bitan topatutako Donosti Dolphins hain zuzen ere. Larunbat honetan, Amaia Iraola, Alaitz eta Irati ziren deialditik kanpo geratu zirenak.

Astean zehar asko hitz egin zuen taldeak, norgehiagokan eduki beharreko jarrerari buruz, argi izanda igoera fase honetan aurkari guztiak izango direla indartsuak, eta intentsitate edo kontzentrazio faltak, garesti ordainduko direla. Tamalez, taldearen kantxaratzea ez zen izan nahi izan bezalakoa. Urduritasunak edo konfidantza faltak eraginda, ideiak garbi ez zituela jokatu zuen taldeak lehen minutuetan, erasoan trabatuta, eta defentsan opari ugari eskaintzen aurkariari. Azkenaldian esaten dugun bezala, fase honetan egoera hauei azkar aterako diote probetxu aurkariek. Lehen laurdenaren bukaera markagailua 8-14 Donostiarren alde.

Erreakzio bat beharrezkoa zen, eta zorionez, hau azkar etorri zen. Bigarren laurdenean taldeak beste bat zirudien, kantxan zeuden 5 jokalariak beti zeuden entxufatuta, eta presio agresibo bati esker, saskiratze errazak lortzen hasi zen taldea. Azkar eman zioten buelta markagailuari TAKEko neskek, atsedenaldira Tolosarrak izanda markagailuan nagusi. 23-20 hain zuzen ere.

Behin erritmo egokia aurkituta, helburua argia zen, hurrengo 20 minutuetan hau ez jaistea. Eta ondo baino hobeto bete zuten hau gure neskek. Donostiarrak intentsitatea igotzen saiatu ziren, kantxa osoan presionatzen hasiz, baino Tolosarrek ondo erreakzionatu zuten, urduri jarri gabe, eta beldurrak alde batera utziz. Donostiarrei markagailuan gerturatzen ez zieten utzi, eta hirugarren laurden bukaeran abantaila 5 puntukoa zen TAKEkoen alde.

Azken 10 minutuetan erabakiko zen norgehiagoka, baino etxekoek azkar argitu zuten misterioa. Miren Fernandez-ek hiruko bat lortzen zuen laurden hasieran, eta Ainhoak eta Itxasok lortutako saskiratzeei esker, defentsako lan onari gehituta, lehia erabakita uzten zuen. Bukaerako emaitza 44-30 Tolosarren alde, eta igoerako fasearen lehen garaipena poltsikora.

Bigarrengo astez jarraian, partiduak irakurketa berdina uzten zuen, taldearen esku dagoela partiduan egotea edo ez. Aurkaria indartsuagoa edo ahulagoa izango da, norgehiagoka galdu edo irabaziko da, baino lehiatu nahi ezkero, intentsitatea, kontzentrazioa eta gure gaitasunetan sinisteak ezinbestekoak izango dira. Larunbatean, kondizio hauek 3 laurdenetan bete ziren, ea lanarekin, hau lau laurdenetara eramateko gai garen!

Datorren larunbatean, hirugarrengo astez jarraian, Usabalen jokatuko du taldeak, Luberri A talde boteretsuaren aurka. Lehen fasea 6-0 bukatu zuten, igoera fasean jokatutako bi norgehiagokak ere irabazi dituzte, beraz oraingoz ez dakite galtzea zer den. Tolosan dastatuko al duten lehengoz porrotaren zaporea? Gure neskak hori eta gehiago lortzeko gai direla argi dugu!

Aupa neskak! Lanen jarraitzera, gure buruan sinistu eta disfrutatzen jarraitzera! 1, 2, 3… TAKE!!!

menu
menu