Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Hanka okerrarekin hasi dira

Junior mutilen errendimenduko taldeak bigarren faseko lehen partidan ez du garaipena lortzerik izan

Igande goizean aurkari gogorra zuten aurrean gure mutilek, Euskal Ligara igotzeko Lauko finalean, Euskal Ligako atarian geratu zen Atletiko San Sebastian. Gureek, entrenamendu aste dezente baten ostean egiten zioten aurre partidari, irabazteko intentzio osoz. Gauzak ordea maldan gora jarri ziren hasiera hasieratik. 0-11 kanpotarren alde eta Tolosarrak burumakur. Maila handieneko taldeen aurka kontrako markagailuekin hasi dira beti Tolosarrak eta modu batera edo bestera, atal honetan hobetzen ahalegindu beharko dute gure mutilek.
Aurkarien kalitatezko saskiraketak eta eginiko jaurtiketetan ez asmatzeak ekarri zuen hasiera batean markagailuko aldea, baina behin hori gertatuta, intentsitatea zertxobait jaisten badu taldeak, aurkari onenek normalean ez dute barkatzen: 2-15 laurdenaren erdialdera eta Tolosarrak triste. 8-22 amaitu zen lehen laurdena, Unai Goyaren gogoari esker batez ere.
Hortik aurrera, partida tristea ikusi genuen Usabalen. Tolosarrek beren kalitatea eta momentu askotan gauza pila oso maila altuan egin ditzaketela erakutsi zuten. Indibidualeko defentsa onak, zonakako defentsak, kontraeraso onak eta hiruko jaurtiketa zehatzak. Ez dago ordea jarraikortasunik jokoan. Taldeak, saskibaloian ezinbestekoak diren zenbait aspektu ahaztuak ditu eta alde batera utziak eta noizean behin agertzen badira ere, ez diote taldeari sendotasunik ematen. Erasoko errebotera joatea, saskira erasotu eta baloia bikoiztea, baloi gabe paseko aukera onak eskaintzea, defentsan 1x1a gogor defendatzea dira honen adibide. Eta hala ere, 50-57 markagailuan. Saskiraketak lortzeko gaitasun berezia dute gureetako batzuk eta horri esker, partiduan mantentzen gara.
Hainbeste gauza, ez dira egun batetik bestera hobetuko eta, urratsez urrats joan beharko dugu akaso. Astearteko entrenamendutik hasi beharko dugu lanean, elkar ulertu eta bide bera hartzeko intentzioz. Ez da geldi geratzeagatik izango behintzat!

menu
menu