Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Sinisten jarraitzearen saria

TAKE Aralar Kirolak senior neskek 53-54 irabazi zuten Lasarteko Ostadar taldearen aurka, partidu bukaera ikusgarri baten ondoren.

Denboraldian lehenengo aldiz, igande goizean jokatzea egokitu zitzaien gure senior neskei, nola moldatuko zen taldea ordutegi honetara? Goizean goiz, aurpegiak gutxienez, onak ziren, jokalariak goiz aurkeztu ziren hitzordura, aurreko gauean zaindu egin zirela argi utziz. Lasarte aldera abiatu beraz, eta denboraz ondo genbiltzala ikusita, Lasartetik itzulinguru bat ematea erabaki genuen, mendia, basoak, baserriak… zein herrialde polita gurea!

Egoera aproposa zen beraz partidua aurpegiratzeko, denborarekin, deskantsatuta, jokalariak gogotsu eta momentu onean. Aurkaria ere, erakargarria, Lasarteko Ostadar SKT, aurreko denboraldian gure mailara jaitsitako taldea, eta berrikuntza handia egin duena, jokalari oso gazteekin, baino kalitate handikoak, denboraldi hasieran emaitza oso onak atera dituztenak, eta ziur urte pare batetan, berriro igotzeko borrokatuko duen taldea. Jardunaldi honetan, Lore, Irati eta Ainhoa ziren deialditik kanpo, ea Ainhoa laster kantxatan bueltan dugun, animo!

Hasieratik ikusi zen norgehiagoka gogorra izango zela eta bi taldeak beraien onena emateko prest zeudela garaipenaren bila, lehen minutuetan lehia pareko zegoen, bi taldeek gogor defenditzen zuten, eta ondorioz jaurtiketa marra askotan bisitatu zuten bi aldeetako jokalariek, baino lehen laurdeneneko azken minutuan, Miren Fernandez-ek 5 puntu jarraian saskiratuz, berdintasuna apurtzen zuen. Bigarren laurdenean ordea, Lasartekoak nagusi izan ziren, TAKEtarrek faltekin arazo asko izan zituzten, eta defentsako errebotea behar bezala ez ixtearen ondorioz, beraien pibotak min handia egin zieten Tolosarrei. 13-4ko partziala laurden honetan, eta etxekoak 4 gora atsedenaldira.

Atsedenaldian argi zuen taldeak, lana egokia zela, bide ona jarraitzen zuela norgehiagokak, baino detaile horiek zuzendu behar zirela. Gogotsu kantxaratu ziren gure neskek, baino Lasartekoek minutu hauetan beraien kalitatea erakutsi zuten, 11-2ko partzial mingarria lortuz. 13 behera ikusi zuten bere burua Tolosarrek, baino besoak jaitsi beharrean, gogorrago egin zuten borroka, inoiz ez etsi gabe, eta gutxika desabantaila txikitzen joan ziren, azken laurdenean 7 behera sartuz.

Azken laurden hau, benetan ikustekoa izan zen, defentsa oso gogorrak burutu zituzten TAKEkoek, behar den bezala 5en artean defendituz, eta nahiz eta saskira bidea ez aurkitu, pazientzia ez zuten inoiz galdu. Anak bi saskiratze jarraian lortu, eta desabantaila 3 puntukoa soilik. Ostadarrekoek jaurtiketa libretik saskiratzen jarraitzen zuten, berriro ere 6 puntuko abantaila lortuz. Denbora? Minutu bat eta 20 segundo besterik ez. Esperantza galdu? Inoiz ez. Bandatik atera, eta Maddik hiruko ikusgarria saskiratzen zuen, defentsa gogorra eta baloia berriro urdina. Miren Berasategik bi tiro libre barrura eta puntu batera jada. Beste defentsa on bat, baino erasoko aldaratzea eta gero, bi jaurtiketa libre etxekoentzat, hauek ordea kale, Tolosarrek azkar atera eta berriro Mirenek saskiratzea lortu (guztira 18 puntu), TAKEtarrak bat gora ipintzeko! Azken erasoa Lasartekoentzat, baino azken defentsa oso on bati esker, garaipena Tolosara! Partidu oso polita, nor baino nor jokatutakoa, aipatzekoa Lasarteko taldeak ere erakutsitako jarrera, gogotsu baino zintzo jokatuz, eta inongo hitz edo keinu txarrik gabe, zoritxarrez ez da ohikoena izaten hau topatzea, beraz zorionak bi taldeei!

Orain dela pare bat aste, hemendik esan genuen saskibaloiak bat zor ziola talde honi, eta gure neskek azkar kobratu dute zorra! Poza handia garaipena lortzeagatik, baino batez ere lortutako moduagatik. Ez bakarrik azken segundoan izateagatik, lortutako arrazoiarengatik baizik, sinisten jarraitzearen saria izan baitzen. Kantxa zapaldu zuten 12 jokalariek egundoko gogoa erakutsi zuten, eta sentsazio bat nabaria zen, taldearentzako egiten du lan bakoitzak. Horrela edozein lekutara iritsiko da talde hau. Zorionak neskak!

Datorren larunbatean bigarren itzulia hasiko du taldeak, Beasaingo BKL bisitatuz. Aurkari oso gogorra, baino ziur taldeak gogo bereziekin aurpegiratuko duen norgehiagoka. Beti bezala, horren aurretik, gogor entrenatzera! Aupa gu!

1, 2, 3… TAKE!!!

menu
menu