Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Garaipen garrantzitsua senior neskek eskuratutakoa

TAKE Aralar Kirolakek 48-42 garaitu zuen Astigarragako Mundarro taldea, bigarren zatiko lan onean oinarrituz.

Aspaldiko partez Usabalen jokatzea egokitzen zitzaien gure senior neskei. Aurkaria, Astigarragako Mundarro, sailkapenean laugarren sailkatua, eta lehen itzulian Tolosarrei irabazitako taldea. Norgehiagoka gogorra beraz, baino TAKEkoen progresioa neurtzeko aproposa. Aurkaria bajekin aurkeztu zen Tolosan, soilik 7 jokalari jokatzeko moduan, Tolosarren aldean ere baja batzuk, Amaia Iraola, Kristina, Miren Fernandez eta Ana zeudela deialditik kanpo, azken bi hauek, lesioa dela eta, ea ez diren luzerako!

Partidu hasiera ez zen espero izana Tolosarrentzat, nahiz eta erasoan fin ibili, taldean ohikoa den defentsa ez zen inondik inora agertzen, beti beharrezkoa den 1x1eko lana ez zen egiten, eta honen ondorioz, defentsa osoa Astigarragako nesken erasoaren atzetik zijoan. Markagailua ez zen txarra, 15-12 lehen laurdenaren bukaeran, baino sentsazioak ordea bai.

Bigarren laurdenean normala zena gertatu zen, Mundarroko neskek eroso erasotzen jarraitzen zuten, eta markagailuan merezitako aldea hartzen zuten. Eta horrelako kasuetan askotan gertatzen den bezala, defentsako sentsazio negatiboak, erasora pasa ziren. Laurden honetan, kanpokoek 0-10eko partziala lortzen zuten, markagailuari guztiz buelta emanez. Defentsaren akatsen ondorio etorri ziren arazoak, 1x1ean ipurdia ez jaitsi, komunikazio falta, eta bigarrengo laguntzak ez ziren iristen, eta horrela zaila da partiduak aurrera ateratzea. Atsedenaldira 22-27.

Zorionez, beste behin taldeak ondo baino hobeto erreakzionatu zuen egoerara, eta hirugarren laurdenaren hasiera ezin hobea burutu zueen. Ez da lehenengo aldia aurten, taldea atsedenalditik suziri bat bezala ateratzen dela, nortasuna eta borrokatzeko gogoa dutenaren erakusgarri. Marta, Miren eta Maddi-ren saskiratzeak, eta batez ere defentsan emandako aldaketak, 7-0eko partziala ekarri zuen, etxekoek berriro markagailuan aurrea hartuz. Baino Astigarragako neskek ez zituzten besoak jaitsi, eta beste behin aurrea hartzen zuten. Norgehiagoka estu zegoen, baino Tolosarrak hau irabaztea erabakita zuten, eta laurdenaren bukaeran iritsi zen partiduko momentua, Iratiren saskiratzea bat, Ainhoak jarraien sartutako bost puntu, eta Mariaren beste lau, 11-0 partziala egiten zuten, norgehiagoka ia erabakita utziz.

Azken minutuak ondo gestionatu zituen taldeak, Astigarragako nesken nekea ere nabaria zen, eta amaieran garaipena bakarrik ez, aberagea ere irabaztea lortu zuten TAKEkoek. Bukaerako emaitza 48-42. Ainhoaren bueltaren berri onera gehituz, egun borobila taldearentzat.

Beste behin, argi geratu zen, gure neskek edozein aurkariri aurpegira begiratzeko maila dutela, baino aldi berean, lehen 20 minutuek erakutsi ziguten, defentsan maila jaitsita ez garela inora iritsiko. Argi dago beraz zein den bidea. Bost jardunaldi geratzen dira igoera fase honetan, eta sailkapena geroz eta estuago, aukera polita du taldeak urte bukaera interesgarri bat bizitzeko.

Datorren astean buelta errepidera Summa Aldapeta aurpegiratzera, sailkapenean azken postuan dagoen taldea, baino Tolosan gauzak errazak jarri ez zizkigun taldea. Kontuz beraz, partidu hauek borrokatu gabe ez direla irabazten. Baino aurretik betikoa, aste bat lan egiteko, akatsak zuzendu, ahalmenak indartu, gauza berriak ikasi, eta orokorrean bide eder honekin jarraitzeko!

Aupa neskak, jarraitu lan egiteko gogo berdinak erakusten, fruituak nabarmenak direla! 1, 2, 3… TAKE!!!

menu
menu