Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Ezohiko partidua

TAKE Redline Mekanikako junior nesken partiduak, ezohiko partidu baten ezaugarriak izan zituen

Junior neskek badute ezaugarri bat beste guztien gainetik dagoena. Atzeko lanean serio aritzen dira taldekide guztiak, eta aurrean, dituzten baliabide guztiak erabiltzen dituzte saskiraketak lortzeko bidean. Dena den, orain arte atzeko lanak fruitu gehiago zizkien emanak gure neskei. Aurkariak larritu izan dituzten aukera gehienetan, defentsako lan sendoagatik izan da. Asteburu honetan ordea, ez zen horrela izan partidua.
Lehen minutuak erritmo motelekoak izan ziren. Bai talde batek zein besteak, partidura irteera hotza egin zutela esan daiteke. Gure neskek, Naroaren saskiratze bat alde batera utzita, ez zituzten aukerak behar bezala aprobetxatzen. Leyre Jauregiren 4 punturi esker ordea, taldeak 6 puntu saskiratu zituen, gaitzerdi: 6-12.
Bigarren laurdenean, gerora etorriko zenaren zenbait arrasto ikusi ziren. Gure neskek, entrenatzaileek esandakoak barneratu eta erasoan ideiak argiago zituztela jokatu zuten. Erasotzekotan, saskira erasotzen zuten. Azken aldian argi geratzen ari den bezala Ainhoak aprobetxatu zituen zelaian pasa zituen minutuak azken urteetan pilatutako saskibaloi gosea ez zaiola nola hala joango erakusteko. Minutu serioak ezbairik gabe. Atzean ordea, taldeak lan intermitentea egin zuen. Orain bai,orain ez, orain bai, orain ez: 16-23.
Hirugarren laurdenak oso gauza interesgarriak utzi zizkigun. Taldeak 18 puntu saskiratu zituen zati honetan. Gauza hauek ez dira bat batean gertatzen. Arrazoiren bat izan ohi dute atzetik. Lehen saskiraketak laburbildu dezake dena. Naroak baloia hartu eta saskia bilatzeko asmoa zuela erabaki zuen. Jaurtiketa aukera ez zen erabat garbia izan, baina zorte pixka batekin, baloia barrura. Hau eskatzen zaie gure neskei azken aldian, saskia begiratu dezatela eta puntuak sartzeko ahalegina egin dezatela denek! Maialenek ederki ikasi zuen lezioa eta hirukoetan zuen zehaztasuna ikusirik, hartu bezala jaurti egiten zuen. Hiru saskiratu zituen! Garrantzitsuena jaurtitzea da, jaurti gabe ez baitago sartzerik. 34-37. Esan bezala ezohiko partidua. Atzean pattal, baina aurrean asmatzearen ondorioz, partidua irabazteko aukerekin.
Hor amaitu zen partida. Laugarren laurdenean 5 puntu sartu zituzten gure neskek eta horietatik 4 azken 3 minutuetan. 7 minututan zehar ez zuten saskiratzerik lortu!
Astez aste, badugu pozteko arrazoiren bat. Bakoitzak hel diezaiola bereari eta jarrai dezala saskibaloiaz gozatzen. Datorren astean gainera, Mirenen tortilak izango ditugu jateko eta beraz, poz bikoitza!

menu
menu