Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Justizia azkenean

TAKE Tolosa taldeko mutilek, urte osoko lanak merezitako sariaren lehen zatia jaso zuten larunbatean

Urte osoan zehar, serio demonio ari dira lanean gure junior mutilak. Lehen entrenamendutik gaur egunera, taldeak heldutasun puntu bat lortu du eta zelaian argi geratzen da badakitela zertara jokatu nahi duten. Jokalari gehienek erakutsi dute momenturen batean edo bestean, ez direla lehengo urtean ziren jokalari berberak.
Eta hori argi utzi beharra daukagu. Ez gaude lehengo urtean, eta aurtengoa gozatuz amaitzea da helburu nagusia. Cafes Aitona Askatuaken aurka larunbatean jokaturiko partidua izan zen gozamen honetan lehen geltokia. Taldeak hasieratik amaierara partidu serioa jokatu zuen. Markagailuan aurretik joateak ematen duen lasaitasunarekin, taldeak partiduan zehar zuzendu zituen hasieran eginiko akatsak eta minutuz minutu hobeto egokitu zen aurkariaren jokora. Horren erakusle hirugarren laurdeneko 13-3ko partziala.
Ordurako ordea, balantza Tolosarren aldera erortzen hasia zen. 30-20 zihoazten lehenengo bi laurdenen amaieran eta taldea oso itxura sendoa ari zen erakusten. Jokalari baten jaurtiketa ez bazen, beste baten laguntza zen eta honen atzetik hirugarren baten errebotea zetorren. Zelaira atera zen jokalari orok nahi izan zion taldeari bere aportazioa egin. Denek lortu zuten saskiratzeren bat, albiste pozgarria erasoari dagokionez eta gainera, denek erakutsi zuten atzeko lanean sakrifikatzeko eta gauzak ondo egiteko nahia. Ezinbestekoa!
Zorionak mutilek. Taldea aspaldiko partez, bere osotasunean aurkeztu zen ligaxkako bigarren sailkatuaren aurka eta zertarako gai den erakutsi zuen. Denok gara ezinbesteko. Denok. Denok ari baikara urte osoan zehar elkarren ondoan entrenatzen eta lehiatzen. Merezi dugu. Denok.
Ederra.

menu
menu