Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Galduta eta bustita

Redline Mekanika TAKE taldeko junior neskak horrela itzuli ziren Tolosara Ordiziatik

Goizeko 12:30etan zuten hitzordua gure junior neskek Ordiziako taldearen aurkako partidurako. Bidaiatzeko, aurten lehen aldiz, trena erabili zuen taldeak, horrela denak elkarrekin giro ederrean joan ziren Ordiziara. Ordurako, kiroldegian zain zuten Leire Etxeberria, Abaltzisketatik zuzenean joana zena, Ordiziaren gertutasuna dela eta. Taldeak arrazoi ezberdinak medio, baja dezente zituen eta hala egin behar izan zioten aurre partiduari. Ea berandu baino lehen jokalari guztiak jokatzeko moduan ditugun.

Neskek bikain egin zituzten partiduaren aurreko lan guztiak. Arropaz aldatu, beroketa, elkarri animoak eman eta partidan zehar ere lanerako gogo itzela erakutsi zuten. Aurkariek hasiera hasieratik oso joko azkarra egiteko asmoa erakutsi zuten. Defendatu ondoren, ziztu bizian ateratzen ziren kontraerasoen bila. Tolosarrek ordea, Ordiziarren lehen olatu hau ondo eustea lortu zuten eta defentsako lanari eta erasoan asmatzeari esker lehen laurdena 13-9 amaitu zuten. Atzetik ziren, baina jokoan aurkariei parez pare eutsiaz.

Partidaren 14. minutuan 18-15 zihoan taldea atzetik eta hiru jaurtiketa libre jarraian huts egin zituen momentu horretan. Berdinketa ekar zezaketen jaurtiketa libreak. Hurrengo sei minutuetan etorri zen gainbehera. 21-4ko partziala egin zuten Ordiziarrek! Eta partiduari agur esan zioten gure neskek. Presio irteeran galdutako baloiei eta erasoan mozketen bitartez lortutako saskiraketei esker, aurkariek zapaldu egin gintuzten. Atsedenaldian: 39-19 atzetik.

Hortik aurrera, partiduak bere bidea jarraitu zuen. Bi taldeek gogor lan egin zuten euren alderik onena erakusteko asmotan. Gure neskek erritmoa mantendu zuten eta aulkitik atera zirenek ere defentsan gogor lan egin eta erasoan saskia erasotzeko asmoa erakutsi zuten. Zorionak neskak, taldearen jokoan garapena ikusgarria da eta beraz, horrek asko pozten gaitu. Izerdituz lortzen da hori.

Izerditzeaz eta galtzeaz hitz egiten hasita, batari esker, bestea ez zen gertatu. Hau da, gure neskek Tolosarako trena hartu zuten erruz korri egin ondoren. 20 minututan, partiduko arroparekin egotetik, tren barnean izatera igaro ziren. Hori abiadura aldatzeko eta trenera korrika joateko. Kontraerasoan horrelako abiaduran aterako balira beti...

Tren barneko orrazi eta aterki festaz hobe ez hitz egitea.

Hurrenarte!

menu
menu