Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Gozamena eta harrotasuna

TAKE Tolosa taldeak Gipuzkoako Kopa irabazi du pasa den asteburuan

Egun batetik bestera, pieza guztiek Puzzlea osatu izan balute bezala, halako zeozer gertatu zaio junior mutilen taldeari. Lauko finalera ailegatu eta taldeak aurrerapausua ematea bat izan da. Gozamena, harrotasuna edota poza ezin da beste ezer sentitu taldearen jokoa ikusita.
Jokalari guztiek hegan egin dute azkenean. Askatu egin dira, saskibaloian jokatu dute. Entrenatzaile onenek dioten bezala, “Play basketball”. Horren erraza balitz bezala. Entrenatzailearen aginduak entzun dituzte eta zelaian muturreraino eraman. Bakoitzak bere rola eta helburuak barneratu eta taldearen onerako ahalik eta ondoen betetzen ahalegindu dira. Urte osoko lanaren saria jaso dute.
Izan ere, ez da samurra entrenamenduaren hasiera orduan Andoainen eskolatik irtetzea eta hala ere asteartero entrenatzera agertzea. Ez da samurra Leitzan bizi eta Tolosan jokatzea. Ez da samurra lehen taldearekin aurredenboraldia hasi eta nork bere ardurak eta lekua onartzea taldean. Ez da samurra, entrenatzaileak gehiago jaurtitzeko esan eta ardura hori betetzeko erabakia hartzea nahiz eta zure joeraren kontra joan. Ez da samurra taldea bizkar gainean beti hartu nahi izatea eta horrekin aurrera egitea. Ez da samurra beti % 100ean entrenatzea eta taldekide fina izatea. Ez da samurra aurreko urteko taldekide bat ere gabe talde batera joan keinu txarrik sekula ez egitea. Ez da samurra saiatu eta gauzak zuk nahi bezala ez atera arren, entrenatzera astero astero joatea eta etengabe saiatzea. Ez da samurra aldi berean konprometitua eta umoretsua izatea. Ez da samurra entrenatzailearen eskaeren eta zure nahien arteko borrokan elkarbizitzea. Ez da samurra entrenatzaile agintari bat izan eta zu ondoan ixilik egon behar izatea. Ez da samurra, agindu nahi eta ondoan isiltzen ez den beste entrenatzaile bat izatea.
Ez da samurra, baina lortu duzue!
Urte osoan taldearen gainetik egon diren bi talderen aurka partidak irabazi dira, merezimendu osoz. Saskibaloian jokatuta eta irabazteko beharrezko ekintzak eginda. Ez gaitu Rottweiler-ak harrapatu. Ez dugu atzera begiratu eta egindako hutsek ez gaituzte atsekabetu. Egindako akatsetatik ikasten baita batez ere, eta akatsak egiten ikasi dugula esan baitezakegu hemendik aurrera. Akatsak, egin, mordoa egin baitira Lauko finaleko bi partidetan ere, baina tira, horiek datorren urteko entrenatzaileek zuzendu ditzatela.
Oraingoz, gozatzea dagokigu.

menu
menu