Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

PARTIDU ALDREBESA

TAKE COACH TALDEAK IDIAZABALEN JOKATURIKO PARTIDUAK, MOMENTU BENETAN ARRAROAK UTZI ZIZKIGUN

Bigarren itzuliari hasiera emateko BKL taldea zuten aurkari Tolosarrek. Joaneko partiduan ez zuten inongo aukerarik izan, azken momenturarte borrokatu bazuten ere. Pasa den igandekoa aldiz, erabat ezberdina izan zen, taldeak azken minuturarte izan zituen aukerak partidua irabazteko baina tartean minutu askotan taldeak burua beste nonbait zuela zirudien. Ezer baino lehen eskertzekoa zaletuen presentzia, beti da politta zure taldea ikusi eta animatzera doan jendearekin aurkitzea.

Lehen laurdena ona izan zen Tolosarrentzat. Atzean lan txukuna eta denboraldi honetan lehenengoz erasorako trantsizioan aukera onak sortu ziren. Talde honek ez dauka saskiratze aukerarik bidean uzterik eta horretarako, korri egin beharra dauka.

Hurrengo hiru laurdenak urteko txarrenetakoak izan ziren. Jokalariek zelaitik alde egin izan balute bezala izan zen. Momentu batetik bestera bakarkako lanean ederki egin daitezkeen zenbait lan egiteari utzi zioten, 1x1a defendatu, baloia babestu, lehen eta bigarren laguntzetara iritsi. Harrigarria izan zen. Horri gainera, Xabik izan zuen ezbeharra gehitu behar zaio, golpe bat hartu zuen sorbalda inguruan eta Zumarragako ospitalera joan behar izan zuen ea zerbait gehiago ote zen beldurrez. Zorionez ondo dago eta gaitzerdi. Baina tira, goazen partidura itzultzera. 4-13 lehen laurdenaren amaieran eta 26-17 hirugarren laurdenaren erdialdean. 22-4ko partziala kontran eta taldea, desagertuta.

Eskerrak azken minutuak hobeak izan ziren. Berriz ere defendatzen hasi, atzeko jokoari merezi duen garrantzia eman eta gauzak hobeto ateratzen hasi ziren. 1x1eko defentsa (poste bajua batez ere), bigarren laguntzak hobeak ziren eta erasoan ere saskiratzeak iristen hasi ziren. Partidua amaitzeko minutu baten faltan, Ikerrek sartutako hiruko batek berdinketa ezarri zuen markagailuan.

Azken minutuan ordea, entrenatzailearen akatsa etorri zen. 27 segundu falta zirela hutsartea eskatu zuen. Minutu erditik gora geratzen zela pentsatuta, jokaldi azkar bat prestatu zuen eta berdinketa edo garaipena ziurtatzen zien denbora ez zuen kontutan hartu. Aurkariek gainera, gogor defendatu eta baloia berreskuratzea lortu zuten. Bi jaurtiketa libre sartu eta garaipena BKLrentzat.

Entrenatzaileak adiago egon beharko du hurrengoan eta jokalariek aurrean eta atzean lan hobea egiteko prest. Izaera kolektuboa helburu!
Lan ona egiten ari da taldea, eta egunetik egunera hobeto ari gara. Gainera, taldeak Aitor Ezkerraren estreinako partida eta Iker Albisuren itzulera bizitu zituen, biak hala biak, oso berri pozgarriak taldearentzat!

menu
menu