Azken orduko ezina

TAKE COACH 43- ALDE ZAHARRA C 45

Bigarren faseko bigarren partidua. Bigarren garaipena lortzeko aukera. Hasiera ona eta amaieran ezin. Hori da asteburuko partiduaren laburpena.

Lehen faseko azken partidetan ikusi bezala, TAKE Coach taldearen jokoak, gutxi du denboraldi hasieran zuen jokotik. Erasoan zenbait arazo dituzten arren, defentsako lanean aurrerapausua eman du taldeak eta zelaian talde antolatu bat ikusi ohi da.

Saskibaloian ordea, beste zenbait gauza ere behar dira, edo nahikoa da zerbaitetan ez asmatzea partidua pikutara bidaltzeko. Zonakako defentsaren aurkako erasoak eta defentsan aurkariak ez estutu izanak, kondenatu zuen larunbateko partidan gure taldea. Luze egin zitzaion partidua taldeari, eta horren erakusgarri erasoko puntuen datua: 14-12-9-8. Beheraka pixkanaka.

Gogo faltagatik ez zen izango. Zelairatu zen jokalari orok erakutsi zuen borrokarako gogoa, eta batzuk bakarrik asmatu zuten arren, lehen oinarri sendoa jarria du taldeak. Grina eta kemena zorionak.

Pena izugarria entrenatzaileentzat, ezin irabazi izana. Bigarren fasea luzea da ordea, eta goraka goazen taldea izaki, ea aurkariei irabazteko beharrezkoa dugun benetazko aurrerapausu hori ematen dugun berandu baino lehen. Horretarako, gauzak asteburuan baino hobeto egin beharko dituzte gure mutilek. Hona hemen, gure mutilen jardunaren laburpena:

Xabi Sorarrain > Atzeko lanean fin aritu zen, laguntzetara iritsiz eta aktibitate handiarekin. Erasoan, aktibitatea baino gauza garrantzitsuagoak direla jakin badaki, baina praktika falta zaio.

Jon Alkorta > Ez zuen ostiraleko entrenamenduan erasoan emaniko aurrerapausua gauzatu. Baina zentratuta aritu zen. Atzean minutu onak.

Imanol > Erasoan momentu jakinetan agertu zen ohikoa duen legez. Jarraikortasun pixka bat falta zaio, atzean sakrifikatzeko eta aurrean puntu gehiago sartzeko gosea izateko.

Aitor Agirre > Atzean lan pattala egiten du oraingoz eta horrek minutuak kentzen dizkio. Erasoan aldiz, espazioen erabileran eta baloirik gabe ederki mugitzen da. Hiruko gehiago bota beharko lituzke, aukera duenean behintzat.

Aitor Ezkerra > Ondo aurrean eta atzean. Taktikoki hobetzeak, bere jarduna bikaintasunera gertura dezake.

Alain Rekondo > Inoiz jokatu ez izanaren gaitza gainditzen hasia da. Atzean oso jokalari astuna izatera irits daitekela erakutsi zuen beste behin eta erasoan, jokoa irakurriko du hemendik aurrera behar den abiaduran. Lehengoan lortu zuen.

Nico Martin > Hazten jarraitu beharra dauka eta minutuak behar ditu horretarako. Erasoan nahiz defentsan, bere lana borobiltzea falta zaio. Osagai onena du horretarako, borondate amaiezina.

Aitor Olazabal > Urteko partida kaskarrena atzean. Hori dela eta, ez zituen hainbeste minutu izan. Aitor Ezkerraren antzera, taktikoki hobekuntza txiki batek izugarri emango dio.

Iker Albisu > Erasoan asko asmatu zuen. Arrakasta horrek ordea, atzean itsutu eta akats puntualak eginarazi zizkion. Maila hau baino gorago joka dezakeela erakutsi zuen argi eta garbi.

Odei Fuentes > Defentsan lan izugarria egin dezakeela erakutsi zuen beste behin eta aurrean gauzak argi izaten jarraitzen du. Hori bai, pare bat jaurtiketa behar baino azkarrago egin zituen, eta baldintza ez hain onetan.

Iñigo Irurzun > Entrenamenduetako joko ona ezin borobildu honek ere. Atzean gehiago eman beharra dauka. Aurkarien hiruko garrantzitsu bat bere erasotzaileak sartu zuen. Aurrean beti bezala, txukun.

menu
menu