Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Pandemi barruko parentesiak

Askorentzat saskibaloia gutxi inporta duten gauzetan garrantzitsuenetakoa da.

Garai hauek argi utzi digute beste hainbat gauzekin alderatuta garrantzia oso txikia duela, ia hutsala. Kirola egitea eta gustuko ingurunean sozializatzea behar-beharrezkoa direla argi dago, baina hau egiteko mila era daude, are gehiago pandemia mundial atean.

Askori entrenatzen hasteak sekulako poza eta egonkortasuna eman digu. Behin kantxara sartuta hortik kanpoko pentsamenduak alboratzen saia gaitezke, bai onak bai txarrak. Lortuz gero, 90 minutuz
saskibaloian soilik pentsatzeko aukera izan dezakegu eta hori askorentzat sekulako pagotxa da.

Notizi ederra izango litzateke kirol hau era seguru batean praktikatzeko ziurtasuna izatea. Gure bizitzak soilik lantoki, ikastetxe, etab.-etara joatera mugatzen baditugu jai dugu. Bestalde, kirolak ,eta zehazki saskibaloiak, jende ugariren bizimoduetan oreka lanak betetzen ditu.

Gure kirola jarduerarik aproposena denaren edo kanpoko herrietako beste taldeekin lehiatzea beharrezkoa denaren inguruko eztabaida planteatu daiteke, noski. Eztabaida pertsonal nahiz kolektibo hauek beharrezkoa eta guzti dira, baina horretan ez gara sartuko.

Saskibaloia kontaktudun kirola da eta gune itxietan praktikatzen da. Oraingoz, gure taldean ez dugu kutsatze kasurik izan ,zorionez. Hala ere, nahi baina berrogeialdi gehiago izan ditugu eta edozein momentutan kutsatzeren bat jazo litekeela argi dugu. Agian hilabete gehiegi daramatzagu akatsetatik ikasi nahian, eta honen ordez akatsei aurreratzen saiatu beharko ginateke; maiz ura pasa ondoren presa egitea alperrik baita.

Guri proposatutako metodoa jakina da eta hau jarraitzea onartu dugu. Zentzutasun eta arduraz erantzun diogu eskaintza honi eta , kanpoko faktoreak kontuan hartzen ez baditugu, noraino iris gaitezken defini dezake.

Azken Larunbatean, Take Orbinox-eko kideok, zazpi hilabeteren osteko lehen partidua jokatu genuen.

Kezkak eta nerbioak agerikoak ziren lehen momentutik, zentzu guztietan egoera oso arrotza baitzen. Kantxa hutsa eta harmaila isila izan ziren lehendabizi ikusi genituenak eta sentsazioa oso hotza izan zen. Protokolo guztiak betez, errenkada batean sartu, eskuak eta oinetakoak ondo desinfektatu eta egokitutako tokian utzi genituen gure motxilak. Hortik aurrera betiko moduan igaro zen partidua. Kantxako denboran kanpoko arazoak burutik kentzea posible eta guzti izan zen.

Amaitutakoan aurkariak (nahiz eta, batez ere garai hauetan, aurkaritik gutxi izan) ukondoa kolpatuta agurtu eta partidu aurreko bizitzetara itzuli ginen, gutxienez momentu labur batean saskibaloian soilik pentsatzeko aukera izanda.

menu
menu