Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Saskibaloiaren Historia Gipuzkoan (1939-2009)

Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak argitaratu berri duen liburu honetan TAKE-ri buruz informazioa ageri da eta jarraian aurkezten dizuegu.

Tolosa CFren saskibaloi-atala sortu zen

Saskibaloia joan den mendearen erdialdean iritsi zen Tolosara Roberto Jauregiri esker. Jauregik, saskibaloia ez ezik, beste kirol batzuk ere sustatu ditu Tolosan, hala nola eskubaloia eta patin-hockeya. Saskibaloia Tolosara eraman eta handik gutxira, 1955-1956 denboraldian, Beotibar pilotalekuan jokatu zen herriko txapelketa batean, Tolosa CFren saskibaloi-atala sortu zen. Eta inaugurazio-denboraldi haren gailurra Aviron Sportif Tressiors taldearen kontra jokatutako nazioarteko taldeak tolosarren kontra 32-27 galduta itzuli behar izan zuen etxera. Garai hartan, klubak ez zuen dietarik, ez materialik ezta joan-etorrietako gasturik ere ordaintzen. Beraz, garbi dago Tolosan aitzindariak izan ziren jokalari haiek zaletasun handiz eta gorputz eta arima aritzen zirela.

Lehen saskibaloi-talde haren ibilbidea labur bezain bizia izan zen. Bi talde sortu ziren, Tolosa eta Kas, eta biak ere Gipuzkoan garai hartan ziharduten klub onenekin aritu ziren buruz buru, nor bere mailan. Lurralde-mailako txapelketaren bat ere irabazi zuten. 1959an bi taldeek bat egin zuten eta talde hark Copa Consolación izeneko saria lortu zuen. Handik gutxira, ordea, desegin egin zen.

Garai hartan, saskibaloiaren arauak desberdinak ziren. Ez zegoen jokaldiak egiteko denbora jakinik eta baloia nahi adina denbora joka zitekeen. Geroago, 30 segundoko muga ezarri zen, eta ondoren 24 segundokoa. Horregatik bereziki, markagailuetan askotan ez ziren berrogeita hamar edo hirurogei puntu baino gehiago lortzen. Dena den, inoiz gutxitan izan da Tolosak eta Iruñeko Aldapa taldeak jokatutako partidakoa bezain emaitza txikirik: partida futboleko larruzko baloiaz jokatu zuten, Tolosako Berazubi zelaian; zero azpitiko tenperatura zegoen eta elurte handia bota zuen; Tolosarrek 5-3 irabazi zuten.

Urdiñak itzuli ziren

Tolosan 1964ra arte ez zen berriz saskibaloi-atalik izan, baina zorionez saskibaloian egiten jarraitu zuten herrian. Gipuzkoako garai bateko hiriburuan basketa ezartzeko gehien egin duenetako bat Vicente Otero izan da. Saskibaloia izugarri maitea izaki, gorputz eta arima jardun zuen kirol horren alde. 1954an hasi zuen bere karrera, 17 urte zituela, herriko txapelketa batean idazkari-lanak eginez. Etengabe gora egin zuen eta 21 urte zituela urte bete baino lehentxeago Frantziaren eta Italiaren arteko nazioarteko partidan arbitroa izan zen. Partida Frantzian jokatu zen eta, bertan, garbi geratu zen Vicente Otero esperientziarik gabea zela. Hark etsipenez gogoratzen du une hura. Hirurogeiko hamarkadaren hasieran, Vicente Otero entrenamenduak zuzentzen hasi zen eta Eskolapioen ikastetxeko minibasketeko taldeaz arduratu zen. Saskibaloi mota hori sei eta hamabi urte arteko haurrentzako egokitutakoa da. Talde hark izugarrizko arrakasta izan zuen. Esan besterik ez dago Gipuzkoako txapelketan izugarri ondo jardun zuela eta taldeko lau jokalari Scranton-en (Pennsylvania) egin behar zen minibasketeko selekzioen Munduko Txapelketan parte hartzeko hautatu zituztela. Azkenean, txapelketa-data aldatu egin zuten eta hiru jokalarik gehieneko adina gainditzen zutenez, ezin izan zuten bertan parte hartu. Jetxu Azaldegik ondo baino hobeto utzi zituen tolosarrak banakako teknikako munduko txapeldunorde geratu zenean. Harrezkero, Tolosak izan duen saskibaloi-jokalari internazional bakarra izan da.

Hirurogeiko hamarkadaren erdialdean, garai hartako egunkariren batek “klub atsegina” deitzen zion Tolosa taldeak Gipuzkoako zaleen begiradak erakarri zituen lehen atzerritarrak fitxatu zituenean. Seguru asko lurralde-mailan jokalari estatubatuarrak zituen Espainiako lehen taldea izango zen. Jose Antonio Gascaren ekimenez ekarri zituzten AEBetako jokalariak, Vicente Oterori taldean Elizondoko (Nafarroa) base militarreko hainbat soldaduk parte hartzeko aukera eskaini baitzion. Izugarrizko ikuskizuna zen estatubatuar haiek AEBetako autoetan nola iristen ziren eta saskibaloian jokatzen ikustea. Gainera, autoetan Coca Cola botila ugari ekartzen zituzten, partida amaitutakoan erruz edaten baitzuten. Dirudienez, AEBetako jokalarien artean ohikoa zen freskagarri hori hartzea. Oraindik Tolosako jendeak gogoan du Essie Hollisek kaxa bat Coca Cola oso-osorik edan zuela 1986an Askatuakek eta Tolosak kiroldegia bete jende zegoela buruz buru jokatu eta Tolosak irabazitako partidaren ondoren. Partida hartan, hala ere, Essie Hollisek, Askatuaken jokatzen zuen arren, eta Kepa Segurolak tolosarrekin jokatu zuten.

50eko hamarkadan emakumeen saskibaloi-talde bat sortu zen arren, proiekturik egonkorrena 80ko hamarkadaren erdialdean hasi zen, Tolosako emakume-mailako saskibaloia ezartzeko lan gehien egindako Txema Latabururen ametsak ia bost urtez iraun zuen. Hainbat eratako arazoak tartek, taldea ito egin zen.

Erabaki arriskutsua

Tolosako Adiskideok, saskibaloian soilik diharduen talde gisa, 1989an sortu zuten. Sortzaileetako bat Koldo Arsuaga “Jofresa” gaur egungo presidentea izan zen. Saskibaloiko jokalari eta entrenatzaile hori 8 urte zituela murgildu zen saskibaloian.

2001-2002 denboraldian, harrobia alde batera utzita zegoela ikusita, estatuko lehen mailatik bigarren erregionalera jaistea erabaki zuen taldeak bere borondatez. Eta klubeko zuzendaritza harro dago erabaki hartaz. Izan ere, saskibaloi-eskola bat sortzeko helburuari begira hartu zuten erabakia eta, horri esker, jokalari gazte askori aukera bat eman eta harrobia sustatu dute.

Laster geratu ziren agerian erabaki arriskutsu haren ondorio positiboak, 2002-2003 denboraldian, Tolosa taldea bigarren erregionaletik lehenengora igo zen, eta hurrengo denboraldian zazpigarrena sailkatu zen. 2005ean, Tolosa taldeak kanporaketa irabazi zuen eta liga autonomikora igo zen. Bosgarrena geratu zen 2005-2006 denboraldian. Hurrengo urtean, harrobiaren aldeko konpromisoa sendotu zuen Tolosako Adiskideok talde gaztea estatuko lehen mailara itzuli zen, eta harrezkero liga horretan jokatzen du.

menu
menu