Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

DENA EZ DA DIRUDIENA

TAKE COACH TALDEAK EZ ZUEN IRABAZTEKO AUKERARIK IZAN GAMON TALDEAREN AURKA JOKATURIKO PARTIDUAN

24-44 galdu zuen senior mutilen hirugarren taldeak igande honetan. Sarturiko puntu kopurua eskasa. Eta markagailuko aldea handia. Dena den, zenbait gauza on ikusi ahal izan genituen taldearen jokoan.

40 minutuz zonakako defentsaren aurka erasotu behar izan zuten gure mutilek igande goizeko partiduan. Aurkariek jokalari handiak zituztenez biko saskiraketak lortzeko barneraldiak egitea ez zuten erraza. Hori dela eta, erasoan kanpoko jaurtiketen alde egitea erabaki zuten gure mutilek partiduaren momentu askotan eta ez zuten asmatu. Jaurtiketetako asko eta asko ordea, ez ziren aukera txarrak, sartu ez zirela, hori pena.

Defentsan aldiz, urteko defentsarik onenak ikusi ziren. Maila oneko jokalariak zituen talde baten aurka, defentsa gogorra eta momentu batzuetan oso aktiboa ikusi ahal izan zen Usabalen. Gauzak nola diren ordea, defentsa onenen ondoren bi-hiru baloi erraz galdu zituen taldeak bigarren laurdenean eta horrek ez du laguntzen hurrengo defentsa gogo berdinarekin ekiten. Hirugarren laurdeneko lehen minutuetan ere, taldeak maila altua erakutsi zuen arren azken momentuko esku erabilerek behar ez ziren faltak pilatzera eraman zuten taldea eta aurkariei, beste eraso bat burutzeko aukera ematen zieten.

Taldearen eta jokalari zein entrenatzaileen gauzarik onenak elkartuz gero, taldeak maila bikaina emango du zelaian. Hori ordea, astero astero egiten ari diren lanarekin soilik etorriko da. Aipatzekoa, Patxik egindako lana bai erasoan eta bai defentsan. Gogotik saiatu zen eta lortu zuen zelaian lasaitasunez bere aukerak itxarotea. Zorionak, denok ere gure aletxoa gehituz gero, ondo joango zaio taldeari.

Astelehenetik hasita, saskibaloi zelaian gozatzera!

menu
menu