Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

AMAITU DA DENBORALDIA TAKE UZTURRERENTZAT ERE

Beraien multzoko 3.postuan amaitu dute.

Larunbat honetan Lezora bidaiatu zuten azken partidua jokatzeko. Hasiera batean behintzat zailtasun handirik ez zuen partidua zen, aurkariak sailkapenean azkenak zirelako. Baina, erasoan jokaldi onak egin arren ez zituzten saskiratzeak sartzen. Honek, jokalarien segurtasun falta eragin zuen eta erasoan blokeatuta egon ziren. Aulkian ere burumakur zeuden.

Atsedenaldian ordea, txipa aldatu eta zekitena erakusteko irrikaz atera ziren kantxara. Azken bi laurdenetako jokoak ez zuen zerikusirik eduki aurreko biekin. Erasoan askoz ere agresiboagoak ziren eta konfiantza irabaziz joan ziren. Defentsan erakutsi zuten denboraldi hasieratik honaino egindako aurrerapena. Lehen partiduetan bakoitzak berea defendatzen zuen eta eskas. Baina, oraingoan defentsan ere talde izaera nabaritu zen eta aurkariei izugarri kostatzen zitzaien saskiratzeak lortzea. Horrela, hasierako inpotentzia hori alde batera utzi eta azken partidua sentsazio onekin amaitu zuten. Gainera, hiruko marratik ere ausartzen direla erakutsi zuten, Ixiar eta Noraren hiruko saskiraketekin.

Maiatzaren bukaera iristearekin batera, iritsi da aurtengo denboraldiaren amaiera ere. Gezurra badirudi ere 9 hilabete pasa dira taldearen lehen entrenamendutik. Hasieratik talde giroa paregabea izan da eta horrek kantxan ere talde jokoa izugarri indartzen lagundu du. Hasierako talde jokoak eta oraingoa guztiz ezberdinak dira, denek asko ikasi baitute. Beste hainbeste ikasi dugu entrenatzaileok ere.

Entrenatzaileon partez zorionak eta mila esker talde osoari, plazer bat izan da. Jarraitu umore, irribarre eta ilusio berdinarekin!! Aupa zuek!


1,2,3… TAKE!!

menu
menu