Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Ezagutu ezazu... Yon Gonzalez

22 urteko gazte honen ardura izango da datorren denboralditik aurrera klubeko taldeen eboluzioa kirol arloan. Honetan ahalik eta ongien moldatzeko Nazional Mailako entrenatzaile titulua lortzeko lanean aritu da azken hilabeteetan eta orain Malagan da azken azterketak egiten.

Nola hasi zinen saskibaloi munduan?

Txikitan futbolean jokatzen nuen Tolosa CF-eko kadete taldera iritsi nintzen arte, orduan, hiru hilabete jokatu gabe egon ondoren futbola utzi nuen. Nire amak beti nahi izan du nik kirola egitea eta berak animatu ninduen saskibaloian jokatzera. Amak laneko kontuen bitartez Koldo ezagutzen zuen eta ni jubenil taldeko entrenamenduetara joateko baimena eskatu zion. Bi hilabete entrenatzen egon ondoren jokatzen hasteko aukera izan nuen. Alebinetan Javi zen gure entrenatzailea, urte ona izan zenez oroitzapen onak nituen eta agian horregatik aukeratu nuen saskibaloia eta ez beste kirolen bat.

Kirol honetan hasi eta geldialdi bat izan zenuen, areto futbolean atezain moduan aritzeko, eta berriro erabaki zenuen saskibaloira itzultzea. Zergatik?

Futbola utzi eta saskibaloian hasi nintzen arren, hurrengo urtean areto futbola eta saskibaloia aldi berean egin nuen. Kadetea nintzen, bai areto futbolean eta bai saskibaloian jubenilekin jokatzen nuen, horrek dakartzan entrenamendu pilaketekin. Gainera areto futbolean Euskadiko selekzioan jokatzeko hautatua izan nintzen eta saskibaloian senior taldearekin noizbehinka entrenatzen nuen. Udara horretan Urretxuko Goierri taldeak eskaintza ona egin zidan eta areto futbola aukeratu nuen, 15 urterekin Nazional mailan debutatuz.

Hurrengo urtean Vicente Oterok saskibaloira bueltatzeko konbentzitu ninduen eta gainera entrenatzaile bezala hasi nintzen klubean. Urte gogorra izan zen eta berriro ere areto futbolera itzuli nintzen bi denboraldiz. Azkenekoan Laskorainen jokatzen nuen bitartean infantiletako entrenatzaile bezala egon nintzen eta klubera guztiz “engantxatu” nintzen. Senior taldean jokatzeko aukera eman zidatenean ez nuen bi aldiz pentsatu eta ez naiz batere damutzen. Saskibaloia nire kirola dela konturatu naiz azkenean.

Une honetan seniorreko jokalari eta gazte mailetako entrenatzaile lanetan ari zara. Zein postutan sentitzen zara gusturago?

Jokalari eta entrenatzaile bezala urte gogorra bizitzea tokatu zait. Urte batzuez jokatu gabe egongo ondoren 0-tik hasi behar izan nuen, hasiera batean minutu gutxi izan nituen eta gogor xamarra egin zitzaidan taldean tokia egitea. Gainera, maila mantentzea genuen helburu bezala baina amaieran emaitza honekin amaitu genuen eta nik espero baino minutu gehiago izan nituen denboraldiko azken txanpan.

Entrenatzaile bezala infantilekin denboraldia era ikusgarrian hasi genuen eta denborarekin itzaltzen joan ziren. Kadeteekin maila mantentzeko borroka denboraldi osoan luzatu da eta buruhauste bat baino gehiago eman dit egoera honek. Paduran 22 urte bete nituen egunean senior taldearekin entrenatzaile lanak egitea egokitu zitzaidan, asko sufritu ondoren luzapenean irabazi genuen eta esperientzia horrek agian begiak ireki zizkidan zer nahi nuen jakiteko. Esan beharra daukat askoz gusturago sentitzen naizela entrenatzaile bezala.

Klubeko kirol arloaren ardura eman zaizu berriki. Zein dira zeure buruari jartzen dizkiozun helburuak? Eta taldeei?

Eskertzekoa da nigan jarri den konfiantza eta espero dut hutsik ez egitea. Pertsonalki ditudan helburuak irtenbideak arazoak sortu baino lehen jartzea da. Gauzak beti arazoa sortu ondoren egiten dira eta hori ez da lan egiteko era egokia. Planifikazio egokia egin behar da klubak koherentzia lor dezan eta bertan dauden pertsonen arteko harremanak hobetu daitezen, azken finean familia handi bat bezalakoak gara.

Taldeei buruzko helburuei dagokionez azpiko kategorietan gazteak pertsona zein jokalari bezala heztea izan beharko luke garaipenei kasu handirik egin gabe, beti ere senior taldeari begiratuaz, garaipenak iristen badira hobe, noski. Emaitzak epe motzean eskatzen dituen talde bakarra seniorra da. Nazional mailan mantentzea ez da batere erraza eta goran jarrai dezan lan asko egin beharko da.

Zer espero duzu Malaga aldean biziko duzun esperientziaz?

Ikastaroa otsailean hasi genuen eta geroztik mordo bat ikastea tokatu zait, espero dut etorkizun batean zerbaitetarako balio izatea. Malagakoa esperientzia gogorra izango dela uste dut, klase ordu asko edukitzeaz gain edukiko dugun denbora libre gutxi hori ikasteko eta talde lanak egiteko erabili beharko ditugu. Inoiz baino gehiago 24 ordu dedikatu beharko dizkiot saskibaloiari. Edukiei begira ahalik eta gehien ikasten saiatuko naiz eta gero hori praktikan jartzen saiatuko naiz. Titulua edukitzeak ez du esan nahi entrenatzaile ona zarenik. Hori azken finean logelan zintzilik geratuko den paper zati bat besterik ez da izango. Gero ikusiko da zerbaitetarako balio izango duen edo ez, oraindik goiz dela uste dut.

Nola ikusten duzu saskibaloiaren osasuna Tolosaldean? Eta Tolosatik kanpo (Gipuzkoan, Euskal Herrian…)?

Saskibaloiaren osasuna ona dela uste dut. Hala ere, hobeagoa izan litekeela uste dut, erakundeek ez dute saskibaloiaren alde ezer egiten, ez instalakuntzak egokituz eta ez dirulaguntzekin, oraindik futbolaren itzalpean bizi gara. Eskoletan ere saskibaloiari ez zaio garrantzirik ematen eta hori aldatu beharra dagoela uste dut

Bruesa eta TAUek azken urteotan izandako arrakastak haurrengan influentzia handia izan du eta hori kalean ikusi besterik ez dago. Orain arrunta da gazte bat saskibaloiko kamiseta batekin ikustea, lehen pentsa ezina zen horrelako ezer ikustea. Egokia litzateke tendentzia hori ez aldatzea eta gora egiten jarraitzea.

Zein iritzi duzu TAKE jasaten ari den hazkuntzaz? Gehiegizkoa al da? Zenbat talderekin jarri beharko litzaioke amaiera hazkuntza honi, herriak dituen mugak kontutan hartuta?

TAKE-k izan duen hazkundea eginiko apustu egoki baten emaitza izan da. Era egokian eta eman beharreko pausoak emanez pixkanaka hazten ari gara urtero 2 talde gehituaz. Gainera nesken alde eginiko apustua garrantzitsua izan zen eta era ezin hobean erantzun dute. Hazkundea ez dut gehiegizkotzat jotzen, guztiz kontrakoa, klubak oraindik gehiago hazi beharko luke. Norbaiti bihotzekoak emango dio hau irakurtzerakoan baina kluba 16 talde (8 mutil eta 8 neskena) eta saskibaloi eskola batekin uztea izango litzateke nire ametsa. Orain pentsa ezina da horrelako ezer, batez ere kantxa arazoari dagokionez, baina Tolosaldean erreferentzia garrantzitsua izatea izan beharko litzateke gure helburua.

Harrobian dauden jokalariak ikusita, senior taldearen etorkizuna zein mailetan ikusten duzu, epe laburrean eta urte batzuk barru?

Senior taldeak 1-2 urte barru beherakada bat izango duela uste dut, harrobitik seniorrerako jauzia oraindik handiegia da. Baina urte batzuk barru urtero goiko taldean sartzeko aukerak izango dituzten jokalariak ate joka izango dira. Horrek seniorreko konpetibitate maila asko igoko du gaur egun duen maila berreskuratuaz. Seniorraren etorkizuna gutxienez nazional mailan egotea izan beharko luke.

Urtez urte ekintza berriak antolatzen ari da kluba (3x3-an Aiz Orratz Elkarteari lagunduz, Rosas-eko txapelketara bidaia eginez…). Zein ataletan hobetu beharko luke klubak?

Nik uste ekintzak bi multzotan banatu beharko genituzkeela. Herriari orokorrean zuzendutako ekintzak (3x3 adibidez) eta klubeko partaideei zuzendutako ekintzak (Rosas, TAKE eguna…). Herriari orokorrean antolatuta dagoen ekintza bakarra 3x3 txapelketa da, aurtengo edizio arrakastatsuarekin. Bide honetatik jarraituta umeentzako ekintzaren bat antolatzea ondo egongo litzateke, ludoteka, haur txapelketa… adibidez.

Taldeko partaideei begiratuta Rosas-eko txapelketaz gain beste ekintzak begiratzen jarraitzea ez litzateke soberan egongo, ezin dugu gauza berdinetan estankatu eta beti hobetzea bilatu beharko genuke. Baina senior taldeari begiratuta ekintzaren bat bilatu beharko genukeela uste dut. Harrobia zaintzea ondo dago baina taldeko beteranoak mimatu egin behar dira. Etorkizunean seniorrek ligako txapelketaz gain zerbait egitea ez litzateke batere gaizki egongo.

Eskerrik asko Yon eta zorte on Malaga aldean!!!

menu
menu