Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Garaipenaren bidean jarraitzen du junior taldeak.

Bi partidetan garaile eta lidertza ia ziurtatuta.

Azken astean bi partida jokatu beharra izan du Junior mutilen taldeak, egoerak horrela behartuta asteazkenera aurreratu behar izan baitzuten Inauterietako larunbateko partida.

Bi partida oso ezberdin jokatzea tokatu zaie mutilei, lehenengo partidua azken sailkatuaren aurka jokatu zuten eta nagusitasunez gailendu ziren Krafft Atletiko Igartzaren aurka. Partida hasieratik markagailuan aurre hartu zuten eta kontraeraso azkarrak gauzatuaz berehala lortu zuten abantaila markagailuan, atsedenaldian 21 puntuko abantaila zuten etxekoek, bi taldeen arteko aldearen adierazgarri. Esan behar da taldeak 20 minututan 7 puntu bakarrik jaso zituela.

Bigarren zatian erlaxatuta atera ziren mutilak kantxara eta ez ziren gai izan partiduari erritmo bizia jartzeko eta aurkariak ederki aprobetxatu zuen markagailua itxuratzeko, bigarren zatian 29 puntu jaso baitzituen etxeko taldeak. Talde batek eman dezakeena ematen ikustea izaten da entrenatzaile batek ikusi nahi izaten duena jokalariak kantxaren gainean direnean, baina hau horrela ez denean amorrua sentitzen da. Beraz, eskertzekoa partida bakoitzean jokalari bakoitzak ahal duen guztia ematen duela ikustea, nahiz eta aurkaria baino gehiago izan.

Bigarren partida asteazkenean jokatu zuten, baina oraingoa Usabalera zetorren aurkaria ez zen gutxiestekoa, sailkapeneko bigarrena baitzetorren, Krafft Atletiko Larrun hain zuzen ere.

Partidan ongi sartu ziren mutilak eta hasieratik serieate handiarekin jokatzen hasi ziren bai baitzekiten multzoko lidertza zegoela jokoan. Lehenengo bi laurdenetan txukun jokatu zuten eta markagailuan gehienean aurretik joan ziren eragozpen handiegirik gabe, batez ere atzealdean egindako lanari esker.

Atsedenalditik bueltan tolosarrak erlaxatuta atera ziren eta kanpotarrak berriz erabat partidan sartuta, horrela markagailuan aurretik jartzea lortu zuten eraginkortasun handia eman zien presio bati esker. Partida amaiera arte gorabehera asko jasan zituen markagailuak, baina benetako unea iritsi zenean markagailuan errenta interesgarri batekin ziren etxekoak, 30” faltan 5 gora baitziren. Aurkariaren saskiratze bat eta etxekoen huts batek urduritasuna ekarri zuen harmailetara. Azkenean, puntu bakarragatik baina garaipena etxean geratu zen eta bide batez multzoko lidertza sendotzea lortu zuen taldeak.

Zorionak talde osoari eta animo, beste hilabete geratzen da saskibaloiaz gozatzeko, beraz ez galdu aukera kirol polit honetaz gozatzeko.

menu
menu