Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Hirutik hiru garaipen TAKE Izaskunentzat bigarren fase hasieran

Martxa onean doa taldea, Loinazpe, Luberri eta Hernaniko taldeak garaitu ostean

Modu ezin hobean hasi dute TAKE Izaskungo neskek txapelketaren bigarren fasea. Aurreko taldean lan ona egin arren, ez zuten garaipena esfortzuaren sari gisa izan askotan, hori aldatzen ari dela dirudi orain.

Loinazpe taldeari bisita egiten hasi ziren lehian, eta partida merezita irabazi arren, erlaxazio puntu bat sumatu zitzaion taldeari, aurkaria baino gehiago zirela ohartuta. Partida hori tolosarren aldeko 20-38 emaitzarekin amaitu zen.

Beste aurpegi bat erakutsi zen, ordea, Luberriren aurka. Oraingoan, aurkariek baino maila nabarmenki hobea izan arren, epaileak partidaren amaiera adierazi arte segi zuten borrokan, gogor defendatuz, baloiak lapurtuz eta puntuak pilatuz. 46-11 bukatu zen partida.

Pasa den larunbatean erronka gogorragoa izan zuten gure neskek, Hernani jaso baitzuten etxean, eta, euren kontra aurretik jokatu zutelarik, jakina zen partida parekatua izango zela. Lana egin behar, beraz. Despistatu samar hasi zen taldea, defentsako markaketetan normalean egiten ez diren hutsak eginez. Hala ere, bigarren laurdenetik aurrera pilak jarri eta hobekien egiten dakitena egin zuten neskek: gogor defendatu eta saskia azkar erasotu. Horrela, markagailua alde jartzea lortu zen. Partidan zehar berdin jarraitu zuten lanean, eta amaieran Hernanik aldea murriztea lortu zuen arren, garaipena lortu zen oraingoan ere: TAKE Izaskun 42-38 Hernani.

Partida hauetatik ateratako ondorioa honakoa da: gogoa jarriz eta gogor saiatuz, taldeak joko ona egin, disfrutatu eta partida asko irabazi ditzake. Erlaxatuz gero, ordea, aurkariek sorpresa bat baino gehiago eman ditzakete.
Hurrengo partida Usabalen jokatuko dute datorren larunbatean, Aldapeta taldearen aurka, goizeko 9:00tan.
AUPA NESKAK eta 1,2,3…TAKE!

menu
menu