Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Nahi eta ezin, infantil mutilek!

45-51 galdu zuten infantil mutilek azken minutu arte borrokatua izan zen norgehiagoka

Orain dela bi aste Goierriren aurkako partidan erakutsitakoaren ostean, garaipenak ez zuen zapore ona utzi. Oso partidu kaxkarra egiteaz gain jarrera ez zen egokiena izan. Askotan emaitzarekin geratzen garen arren, jokalariak jabetu ziren igande arratsalde hartan gauzak ez zirela nahi bezala atera, eta hori aldatu nahian ibili dira azken bi asteetan.

Jardunaldi gabeko astea ondo etorri zaie gure mutilei pilak jartzeko eta txipa guztiz aldatzeko, eta hori nabaritu egin zen larunbat honetan ikusi genuen partidan. Askatuak talde donostiarra izan genuen bisitari Usabal kiroldegian, talde gogorra, gure mailako gogorrenetarikoa.
Lehen bi laurdenak oso paretsu joan ziren, laurden bakoitzeko lehenengo 7-8 minutuetan TAKEtarrak ziren nagusi baino nekeak jota edo, azken bi minutuetan aurkariak markagailuan gerturatzea lortzen zuen. Gauzak honela, lehenengo laurdena 14-14eko markagailuaz amaitu zen, eta bigarrenean 9-10eko partzialaren ostean, 23-24ekoarekin iritsi zen partida atsedenaldira. Lan txukuna taldeak eginiko lana ordurarte.

Hirugarren laurdenean, kanpoko taldea zonan ipintzea erabaki zuen hasieratik, eta egoera honek ez zien mesederik egin gure mutilei. Defentsari kolokatzen utzi nahi ezean korri egiten saiatu ziren arren, nekez lortzen zituzten jaurtiketa egoera erosoak, hala ere burua hotz mantendu ziren eta defentsako lana baliatuz, ez zieten utzi markagailuan abantaila handirik hartzen kanpotarrei.

Azken laurdenean, presak eta erabaki azkarrek ez zioten onurarik ekarri etxeko taldeari, eta naiz eta amore eman gabe azken segundurarte borrokatu, garaipena Donostiara eraman zuten Askatuak taldekoek, 45-51 emaitzarekin.

Orain lanean jarraitu behar dute gure mutilek aste honetan beste partidu gogor bat dute eta Azpeitian (larunbata 10.45), baina ziur azkeneko partiduko intentsitatea mantentzen badute, gauza batzuk zuzendu ostean, partidua irabazteko gai izango direla. Animo mutilak, aurrerantz goaz eta…1,2,3…TAKE!!!

menu
menu