Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Ezagutu ezazu Maria Lasa

Bere ateak zabaldu dizkigu Mariak gehiago ezagutu dezagun.

Maria gehiago ezagutzeko aukera paregabea baliatu du Takesb erredakzioak, gozatu elkarrizketa mamitsu honetaz.

1)Osaba, aita, anaia...saskibaloiari lotuak egonda, zu ere ezin gutxiago izan…

Kostata, baina ni ere azkenean hasi nintzen, bai. Beti inguruan izan dudan kirola izanik, etxekoen bidea ez jarraitzea erabaki nuen 20 urte bete nituen arte. Alper xamarra izan naiz beti… eta patinaia eta boleibolean aritu naiz urte askotan.


2)Nolatan eman zenuen 20 urterekin saskibaloiaren mundura urrats bat gehiago?

Egia esan, parranda batean broma moduan hasi zen dena. 3x3an parte hartuko nuela hitza eman nuen eta baita egin ere!
Ondoren esan zidaten senior nesken taldea osatzeko zailtasunak zeudela, jendea falta zela. Ez zuten gehiegi insistitu behar izan egia esan.


3)Nola laburbilduko zenituzke 4 urte hauek?

Lehenengo urtea zaila egin zitzaidan. Izan ere, taldeko entrenatzailea bakarrik ezagutzen nuen, Andoni. Gainera, saskibaloia asko ikusi banuen ere, inoiz ez nuen baloia ukitu eta zeharo galduta ibili nintzen kantxan.
Bigarren urtean ere zaila izan zen taldea osatzea, baina ni erosoago sentitu nintzen taldean. Asko lagundu didate urte hauetan taldekideek bai kantxan, baita kantxatik kanpo ere.
Azken bi urte hauetan gozatu egin dut saskibaloiaz, oso urte onak izan dira, asko eman dit saskibaloiak orokorrean.


4)Jokalari izateaz gain, entrenatzaile lanetan ere bazabiltza. Non ikusten duzu zure burua erosoago?

Egia esan, positiboa izaten ari da entrenatzaile izate hau, naiz eta erraza egiten zaidala ere ezin dudan esan. Aurtengoa bigarren urtea izan da entrenatzaile anetan ari naizela eta datorrenean ere errepikatzeko asmotan nabil, ikasteko izugarri dago mundu honetan eta erantzukizuna ez da txikia.

Garbi daukat, oraingoz, jokalari izatea erosoagoa dela niretzat. Nire burua urrats txikiak ematen ari dela ikusi eta entrenamendu eta partidu bakoitzean egunerokotasunetik deskonektatzeko aukera izatea ez nuke aldatuko.


5)Aurten, senior nesketan talde lehiakorra sortzeko bidean zaudete. Nola ikusten duzu taldearen osasuna?

Harrigarria da lau urte hauetan eman den aldaketa. Esan bezala, taldea osatzeko zailtasunak izan ditugu pare bat urtetan. Orain, aldiz, maila polita duten neska mordoa dago. Osasuntsu dago taldea, inoiz baino osasuntsuago dagoela ere esatera ausartzen naiz. Jokatzeko eta benetan taldeak duen maila erakusteko gogoa daukagu.
Oinarri ona dauka nesken saskibaloiak, eta bidea eraikitzen hasiak ere bagara dagoeneko. Talde estua eta lehiakorra osatzea denbora kontua da, talde oso berria baita oraindik.


6)3x3ko txapelketan, nesken txapelketa burutzearen erantzuletako bat izan zara, zerk bultzatu zaitu horretara?

Geroz eta neska gehiago dago TAKEn, eta polita da elkarren artean jokatzeko aukera izatea. Mutilekin batera, txapelketaren lehen fasea soilik jokatzea suposatzen zuen; orain, aldiz, txapelketa paretsuago bat izatea ahalbidetzen du, baita mutilentzat ere.
Aurten izan da lehenengo urtea, ea datorren urteetan talde gehiagok parten hartzen duten eta hasitako bideari jarraipena ematen zaion.


7)Zer eman dizu Takek?

Lagunak, lagun oso onak. Momentu ahaztezinak ere eman dizkit, afari eta parranda asko. Emozioz, malkoz eta irribarrez betetako momentuak.

Saskibaloian jolasteko aukera eman dit TAKEk, eta benetan eskertuko dut hori beti. Jokalari bezala hazteko aukera emateaz gain, entrenatzaile izateko beharrezko formakuntza eta aukera ere eskaini dizkit.
Zalantzarik gabe, TAKEn sartzeko hartutako erabakiaz ez naiz sekula damutuko.


8)Zein aholku emango zenieke harrobian dabiltzan gaztetxoei?

Disfruta dezatela saskibaloiaz, ikasi eta gozatu klubeko pertsonekin batera!

menu
menu