Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Hasieratik larri

TAKE Ernioko neskek beste aurrerapausu bat eman zuten jokoari dagokionez baina ez emaitzean

Lehen minutua, horixe izan zen TAKE Ernio taldeko infantilak markagailuan aurretik joan ziren momentu bakarra. 2-0ekoa Nerea Alargunsorok lortu zuen, bere taldekide bati pasea eman eta erdi nahigabe, saskiraketa bitxi xamarra lortu zuenean. Esan beharra dago, Nerearen baloia sartu izan ez balitz Jasonek bazuela baloia airean hartu eta birrintze beldurgarri bat egiteko intentzioa.

Bromak alde batera utzita eta emaitza eta jokaldi arraroetatik haratago, infantil neskek beren aurrerapena ondo doala erakutsi zuten larunbatean. Hobetzeko hainbat eta hainbat aspektu dituzten arren, lehen pattal antzean moldatzen ziren hainbat aspektu nabarmen hobetu dituzte. Presioko irteera edo espazioen erabilera, askoz ere hobea da lehen zena baino.

Hala ere, larunbatean aurrean izan zuten taldeak askoz ere saskibaloi ordu gehiago dituela erakutsi zuen. Azpeitiarrek, lehen laurdenetik erakutsi zuten saski azpitik zein urrutitik eginiko jaurtiketetan Tolosarrek baino abilezia haundiagoa. Gauzak horrela, lehen laurdena 4-10 amaitu zen Azpeitiarren alde.

Bigarren laurdenean azpimarratzekoa izan zen Saioa Jauregik jaurtiketetan izandako punteria, 6 puntu lortuaz laurden honetan. Aurkariek ere asmatu zuten ordea eta atsedenaldira 14-30 markagailuarekin joan ziren.

Partida irabaztea zaila izango zela ikusirik, Tolosarrak erritmoa ematen ahalegindu ziren partiduari. Saski azpian asmatzen ez bazuten ere, hirugarren laurdeneko momentu batzuetan Azpeitiarrak arnasestuka ikusi ahal izan genituen, zelai batetik bestera baloiak zeraman abiaduraren erakusgarri. Pozgarria benetan!!

Laugarren laurdenean, gasolina falta zela eta gauzak ez ziren uste bezain ongi joan eta Azpeitiarrek markagailuko abantaila areagotzeko erabili zuten. Azken emaitza: 21-63 Azpeitiarrak nagusi.

Ezin da aipatu gabe utzi, aurkariak aurreko partiduetakoak baino jatorragoak zirela, gizalegez lehiatu zirela eta giro onean jokatu zela partida. Horrek ere ez du gutxi balio!!

Aupa TAKE Ernio!

menu
menu