Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Izerdi asko botata garaipena Tolosa Aralar-ek

Partida hasiera kaskar baten ondorioz, kalitatea alde batera utzi eta bihotzarekin lortu zuten garaipena. Garaipen honekin bigarren postuan darraite sailkapenean.

Azken asteetako bajak alde batera utzi eta ia jokalari guztiekin aurkeztu zen Tolosa Aralar larunbateko partidara. Baja bakarrak Unai eta Joseba pibotak izan zituzten, nahiz eta partidara aurkeztutako hamarrak ez ziren ehuneko ehunean aurkitzen.

Jende falta honek asteko entrenamenduetan ere eragina izan zuen eta erritmo falta nabaria izan zen partida hasieran. Honetaz baliatuz santurtziarrak aurreratu ziren markagailuan, iaz erakutsitako presioa martxan jarriz hasiera hasieratik. Tolosarrek zenbait baloi galdu zituzten eta kontraerasoen bidez eta Menezo jokalariaren hirukoen bidez partidako alderik handiena hartu zuten lehen laurdenaren amaierara iritsi baino lehen (12-20).

Laurdenen arteko atsedenaldiak zertxobait suspertzeko balio izan zuen. Goar "Tackleberry" Artetxe-ren zelairatzeak erasoan argitasun gehiago eman zien tolosarrei, izan ere, bere 15 puntuetatik 12 laurden honetan egin bait zituen. Horrela, atsedenaldira aurretik joatea lortu zuten (32-26).

Hirugarren laurdenean ere defentsa bikainarekin jarraitu zuten etxekoek. Bigarren laurdenean 6 puntu jaso zituzten eta hirugarrenean, 8. Erasoan aldiz, nahiko erregularrak izan ziren.

Azken laurdenaren hasieran iritsi zen partidako alderik handiena etxekoentzat, 21 puntu (59-38). Hemendik amaierara saskiraketak batean eta bestean izan ziren eta azkenean, kanpotarrek aldea zertxobait jaistea lortu zuten, 15 puntura hain zuzen ere (68-53).

Gauzak horrela, eta lehen itzulia amaitzeko jardunaldi bat falta denean, saikapeneko bigarren postuan darraite tolosarrek, Bilboko La Sallerekin berdinduta eta sailkapen buruan dagoen Goierri-Verkol-engandik garaipen batera.

Datorren astean laugarren postuan sailkaturik dagoen UPV Alava-ri egingo diote bisita. Neurketa larunbat arratsaldeko 17:20-etan jokatuko dute Gasteizen.

Partzialak: 14-20; 32-26; 48-34; 68-53.

Tolosa Aralar (14+18+16+20): Kike (16), Mikel Txiki (4), Fernando (10), Haritz (10), Kaiet (7) - hasierako bostekoa - Goar (15), Martia (2), Alberto (0), Iñigo (4) eta Ion (0).

Santurtzi (20+6+8+19): Laforisa (2), Martinez (4), Menezo (12), Sanchez (4), De la Roza (14) - hasierako bostekoa - Badiola (0), Gomez (0), Iturburu (2), Villate (3), Calbarro (4), Peral (7) eta Amutxategi (1).

menu
menu