Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Ezagutu ezazu... Kike Konde

Oraingo honetan Tolosako azken rockeroarekin gatozkizue. Urteak daramatza bere kalitatearekin Gipuzkoa eta Euskal Herriko kantxak liluratuz. Belaunaldi desberdinetako zaleei Tolosa Aralar-eko jokalari bat aipatzeko eskatuz gero, erantzuna garbia da: KIKE KONDE. Ezagutu dezagun ba Tolosak eman duen azken izar handia.

Noiz hasi zinen saskibaloian jokatzen eta zergatik?
10 urte nituenean hasi nintzen jolasten Laskorain ikastolan. Olinpiadetarako saskibaloi taldea osatu behar zela eta, Xabier Aierzak apuntatu ninduen. Denok futbolera jolastu nahi izaten genuen, baina berak egiten zuen aukeraketa taldeak osatzeko.

Ze oroitzapen dituzu lehen urte horietaz?
Sakramentinoetako frontoiaren posteak ezker-eskubi iskin eginez ibiltzen giñen entrenamenduetan, baloia bi eskuekin botatzen ikasteko.

Aurrerago, Begoñak (Ikastolako garai hartako nesken gimnasiako irakasleak) eraman zuen taldea eta kanpoko partidetara gaur egun bere senarra den Enrikerekin joaten ginen furgoneta batean sartuta, partina ondorenetan beraiek erositako palmera ugari jan genituen.

Ze desberdintasun ikusten dituzu orduko saskibaloitik gaur egungora?
Gaur egun erakusten duen jendea askoz hobeto prestatuta dago eta ondorioz, jokalariak teknikoki hobeak ateratzen direla iruditzen zait (beste zerbait falta zaie ordea). Bestalde, gaur egungo saskibaloia azkarragoa da.

Nola suertatu zitzaizun kanpoan jokatzeko aukera eta zenbat urtez izan zara TAKE-tik kanpo?
Ikastolan ikasketak bukatu nituenean Donostira joan nintzen ikastera eta Begoñaren bitartez Donostiako “Askatuak” taldean jokatu ahal izan nuen, bertan urtebete egin nuelarik.

Zein taldetan aritu zara?
Laskorain ikastolan, Askatuak-en eta Tolosa Aralar-en aritu naiz, tartean Unibertsitateko taldean aritu nintzelarik.

Nolako esperientzia izan zen?
Askatuak-en urtebete egin nuen eta asko ikasi nuen bertan. Asko entrenatzen zen eta Unibertsitateko ikasketekin konpaginatzea gogor xamarra suertatu zitzaidan. Orduan konturatu nintzen oso zaila zela saskibaloi munduan gora iristea eta hortaz bizi ahal izatea. Ondorioz, ikasketak aurretik jarri behar izan nituen (gaztetan ametsak errazago egiten dira).

Unibertsitateko taldearen esperientzia oso polita izan zen. Tolosako beste taldekide batekin jolasten nuen, Ion Zipitria, eta Espainiako txapeldunak izatera iritsi ginen, Cuencan.

Berriro gazte izan eta aukera suertatuz gero, erabaki berdina hartuko al zenuke?
Bai, ez dut inongo damurik nire saskibaloi ibilbidean eginikoaz.

Orain arte jokalari bezala, zeintzuk dira bizi izan dituzun momenturik gozoenak? Eta oroitzapenik txarrenak?
Txarrak oso gutxi etortzen zaizkit burura. Agian, orain dela urte asko Belodromoan jokaturiko igoera partida bat galdu genuenean (uste dut igotzeko izan genuen lehenengo aukera zela, niretzat behintzat bai). Eta beste bat Eskoriatzan Laskorainekin galdutako klasifikazio partida bat.

Onak asko ditut, taldeak izan dituen maila igoera guztiak, agian aurrenekoak gehiago gogoratzen ditut. Asko gogoratzen ditut ere maila mantentzeko jokatu ditugun azken partidak, Iruñakoa adibidez. Bi autobus joan ziren Tolosatik eta gainera azken momenturarte ez zen partida irabazi.

Gogoan dut ere nire “lehen azken” partida Berazubiko polikiroldegian, azken momentuan lortu genuen mailari ehustea. Agian, sentimentalki, partida horrek garrantzi handia izan zuen.

Guzti hauek onak zelaiaren barruan, baina zelatik kanpo ere asko ditut, baina ez kontatzekoak.

Zein jokalari izan duzu erreferentziatzat txikitatik?
Gertukorik ez dut izan eta urrutikoa “Magic Johnson”, baina erreferentzia bezala izatea gehitxo da, agian idolo edo gustukoen.

Zein da aurkari bezala izan duzun jokalaririk onena?
Onena ez dakit, baina ezagunak dexente dira: Nikola, Calderon...

Zein iritzi duzu saskibaloiaz orokorrean eta batik bat Gipuzkoa eta Tolosakoaz?
Urte asko daramatzat honetan eta beti berdinak gabiltzala iruditzen zait. Oso aurpegi berri gutxi ikusi ditut, ez bakarrik Tolosan, kanpoko taldeetan ere berdina gertatzen dela iruditzen zait.

Oso hutsune handia izan dugu urteetan, azken hamar urteetan bi talde bakarrik atera dira aurrera, ondorioz, goiko taldera oso jende berri gutxi iritsi da. Azken bi urteetan hiru talde berri atera dira, ea oraingoan etorkizuna ziurtatzen dugun.

Ez dut aipatu gabe utzi nahi Tolosa mailan saskibaloi munduan Koldo Arsuaga eta bere ingurukoek eduki duten garrantzia. Ez dut inongo zalantzarik beraiei esker dagoela saskibaloi talde bat Tolosan eta gainera dagoen mailan (gaur egungo gizartean oso zaila da aurkitzen erea honetako bolondresak).

Bigarren itzulia hasi berria da, non ikusten duzu senior taldea denboraldi amaieran?
Igoera postuetan zalantzarik gabe, galdera erraza erantzuten.

Nola ikusten duzu TAKE-ren etorkizuna?
TAKE-ren etorkizuna ziurtatuta dagoela uste dut. Lagun talde polit bat dago horren atzean eta giro ezin hobea. TAKE-ko goi mailako taldearen etorkizuna ez dut hain garbi ikusten. Etorkizuna duenik ez dut zalantzan jartzen, baina zein mailatan bai.

Urte asko pasa beharko dutela iruditzen zait talde honetara behe mailako taldeetatik jokalariak pasatzeko eta beste aldetik “attona” asko gaudela iruditzen zait.

menu
menu