Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Ezagutu itzazu... Arreseigortarrak

Klubaren helburua azken urte hauetan Tolosako harrobia bultzatzea izan da eta aurtengo denboralditik aurrera, erronka berri bat hartu da: nesken saskibaloia ere bultzatzea. Bertan eskertzekoa den papera burutzen ari dira NAIARA eta AITZIBER, gaur egun klubeko nesken bi taldeen entrenatzaileak.

- Entrenatzaile zareten lehen urtea al da?

Naiara: Ez. Badira 7 urte entrenatzen hasi nintzela eta oraindik ere lehenengo eguneko ilusio berarekin jarraitzen dut lanean, baina urteek ematen duten esperientziarekin.

Aitziber: Ez, lehenago Laskorain ikastolan saskibaloi entrenatzaile gisa aritu nintzen 4 urtez. Gainera Naiararen entrenatzaile ere izan nintzen.

- Aurretik inoiz jokatu ahal duzue saskibaloian? Eta zein taldetan?

N: Bai. Ikastolan jokatzen nuen infantila nintzenean eta tarteka seniorrekin ere entrenatzen nuen.

A: Bai, 13 urtetik 17 urte bitarte ikastolan jokatu nuen. Ondoren urtebetez Eskolapioetara joan behar izan nuen Ikastolan talderik ez zelako sortu. Baina urte horren ondoren berriro ikastolara bueltatu nintzen Laskorain eta Eskolapioetako jokalariekin osatutako taldean jokatzera pare bat urtez. Nire azken taldea Frantziako Université de Lille 1 izan zen, bertan urtebetez jokatu nuen Erasmus bezala Frantziara joan nintzenean.

- Zein oroitzapen dituzue urte haietaz?

N: Ikastolako kantxan biltzen ginen astearte eta ostegunero. Nire ahizpak eta Vanesa Alzatek entrenatzen gintuzten eta talde giro bikaina sortu genuen, ondoren seniorrekin hasi ginen frontoiean entrenatzen eta hara ere gustura joaten ginen.

A: Oso onak. Egia esan nahiko berandu (7.mailan) hasi nintzen saskibaloian jolasten, Begoñak, gimnasiako irakasleak olinpiada batzutarako animatuta. Kuadrila guztia hasi ginen baina pixkanaka pixkanaka jendea gutxituz joan zen. Andoni Gorostidi izan zen gure entrenatzailea haserako urteetan, baina jende gutxi ginenez azkenean jubenilekin elkartu eta Kike Konde eta bera aritzen ziren entrenatzaile gisa.

- Zergatik eman duzue jokalari izatetik entrenatzaile izateko pausoa?

N: Ikasketak, taldearen banaketa…arrazoi ugari bildu ziren. Nik bizitako esperientziak eta talde giroa erakutsi nahi nizkien datozenei eta horretarako aukera banuenez 15 urte nituela Oihana Aranarekin batera entrenatzen hasi nintzen Sakramentinoetan.

A: Ni jokalari nintzela hasi nintzen gazteagoak entrenatzen, izan ere nesken taldeak mantendu nahi badira ezinbestekoa da txikitatik hauek animatzea saskibaloiean jolastera. Horrez gain, beti gustatu izan zait nik ikasitakoa besteei transmititzea talde giro batean.

- Lehen urtea da TAKE-n nesken taldeak daudela, nola ikusten duzue klubak harturiko erronka berria?

N: Poztekoa eta baikorra izan zen berria niretzat, izan ere, talde bat ongi eramateko baliabide eta instalazio egokiak behar baitira, horrek jokatzeko gogoa eta motibazioa pizten ditu. Dagoeneko 2 neska talde daude eta lehenengo urtea izateko ez dago gaizki baina aurrera begira ateak zabalik daudela adierazi nahi nieke eskualdeko gazteei, harrobi bat egiteko atzetik indarra eta freskotasuna emango bailukete.

A: Tolosan duela bost bat urtetik saskibaloia nahiko ahaztuta egon da nesken mailan. Badiduri ikastetxeek ez dietela nahikoa bultzada ematen haurrei eta une honetan TAKEren esfortzua eta babesa ezinbestekoa da neska gazte hauek jarraitzeko eta etorriko diren berriekin harrobi bat sortzeko. Nik aspalditik pentsatu izan dut nesken taldea sortu behar zela baino horretarako guk neskek eman behar genuen lehenengo iniziatiba, kluba hor baitzegoen beti laguntzeko prest.

- Ezagutzen ahal zenuten TAKE?

N: Bai jakinaren gainean nengoen baina ez nuen gure burua barruan ikusten, orain arte aukerarik ez genuelako, hala ere tarteka seniorren partiduren bat edo beste ikustera joaten ginen.

A: Bai, Andoni eta Kikeren bitartez ezagutu nuen kluba jokatzen hasi nintzenean. Garai hartan Berazubiko kiroldegira joaten nintzen partiduak ikustera.

- Denboraldi erdia buruturik, zein balorazio egiten duzue eta zeintzuk dira zuen helburuak denboraldi amaierarako?

N: Kadeteak egunetik egunera hobekuntza nabariak ematen ari dira, ilusio eta jokatzeko gogoa badute eta horrek gaur egunean garrantzi handia du. Eskertzekoa da euren jarrera, lanpetuak egon arren inoiz huts egiten ez dutelako. Nahiz eta goiko fasera igotzea ez lortu, aurkari gogorren aurrean aurpegia ematen jakin dute. Hala ere denboraldi berrian lehen postuetan egotea da gure helburu nagusia eta horretarako gogor elkarlanean ari gara.

A: Nik taldea abenduan hartu nuen eta balorazio bikaina egin beharrean nago ia partidu guztiak irabazi baititugu. Bigarren fasea berriz oraintxe hasi berri dugu eta helburu nagusiak lehen postuetan bukatzeaz gain hobekuntza kualitatiboak lortu eta hauek partiduetan praktikan jartzea izango dira.

- Nesken bi talde daudela ikusirik, nola ikusten duzue Tolosako nesken saskibaloiaren etorkizuna?

N: Guk bidea ireki dugula iruditzen zait, zaletasun handiegirik ez dago nesken artean baina guk taldea sortu genuenean ez genuen beste inork saskibaloian jokatuko zuenik uste eta hurrengo urtean 2. taldea sortu zen, beraz ez naiz ausartzen etorkizuna ziurtatua dagoela esaten baina pixkanaka pixkanaka sendotzen ari garela iruditzen zait.

A: Pixkanaka suspertzen ari dela dirudi baino hala ere lan haundia egin beharra dago jende berria animatzeko. Beraz, hurrengo urteko erronka alde batetik jokalari gazte berriak bultzatu eta bestaldetik garai batean saskibaloian jokatutako neskak berriro bueltatzea izan daiteke. Izan ere aukera sortuz gero jendea animatuko bailitzake.

- Zein alde ikusten dituzue gaur egungo gazteen eta zuen garaiko gazteen artean?

N: Ez dut ezberdintasun handiegirik ikusten, garaiak aldatu dira baina gazteen jokabideak berdina izaten jarraitzen du, ilusio bera dute eta talde kontzeptua ere ongi barneratua dute beraz, ez zait iruditzen etiketatu egin behar direnik, bakoitza den bezala onartu baizik.

A: Ikusten dudan alde bakarra jazteko itxura da, bestela ez dago alde handirik nesken artean behintzat.

- Zer da gehien harritu zaituena TAKE-ri buruz?

N: Gugan jarri duzuen arreta eta begirunea eskertzekoak dira. Gustura sentitzen gara bai taldea eta baita ni ere. Antolaketa aldetik fundamentu handia ikusi dugu eta horrek lana errazten digu entrenatzaile modura.

A: Gehien harritu nauena daukaten antolaketa bikaina da: kantxak, orduak, partiduak, arbitroak,…dena. Horrela askoz ere errezagoa da entrenatzaile izatea.

- Zein ataletan lan gehiago egin beharko litzatekeela uste duzue klubean? Zer dago hobetzeko?

N: Ez nuke ezer hobetuko, daukagunari eustea nahikoa dela iruditzen zait, ez da eta gutxi.

A: Beti daude gauzak hobetzeko baino nik orain arte izan dudan harremanean dena bikain ikusten dut, ez nuke ezer zehatzik aipatuko. Zorionak eman nahi dizkizuet egiten ari zareten lanagatik eta gazteek jakin dezatela izugarrizko zortea daukatela herrian horrelako klub bat izateagatik, nahiz eta beraiei normala iruditu.

- Nola ikusten duzue TAKE-ren etorkizuna?

N: Jende jatorrez inguraturiko kluba dela iruditzen zait, harrobi bikaina du eta horrek indar handia ematen dio klubari. Kategoria ezberdin asko daude eta talde guztietan giro ona nabari da, oinarria hori dela iruditzen zait, saskibaloiaren bitartez tolosaldeako gazteak elkartu eta kirola eginez gozatzea. Hori ahalbideratzeko zuen lana ezinbestekoa da beraz, ziurtatua dago etorkizuna. Zorionak eta jarraitu lanean.

A: Oso klub sendoa dela iruditzen zait, harrobi zabala dauka eta saskibaloian murgildutako borondatezko kide asko dauzka atzetik indar eginez proiektu honek aurrera jarrai dezan. Jokalariek klubean partehartzea lortzen dute giro atsegina sortuz eta horrela TAKE-ren etorkizuna ziurtatua dagoela esango nuke.

Eskerrikasko bioi eta segi horrelaxe lanean.

menu
menu