Eta handiagoa izan zitekeen
Tolosaldeko Ataria
Aise irabazi dio TAKEk Clavijori: 83-50. Zazpigarren postuan dira tolosarrak, zortzi garaipenekin.
Liderrari irabazi osteko loraldiak irauten dio oraindik TAKEri. Larunbatean oso erraz irabazi zuen Usabalen Clavijoren aurka, 33 puntuko aldeaz. Eta tartea handiagoa izan zitekeen.
TAKEk hasieratik hartu zuen aurrea markagailuan. Bigarren laurdenaren hasieran gerturatu ziren errioxarrak, baina arrisku handirik gabe. Atsedenaldirako berriro ere tarte zabala zuten tolosarrek euren alde. Bigarren zatia tramite hutsa baino ez zen izan.
Partidako gakoak, bi izan ziren: defentsa eta sartutako hiruko jaurtiketen zerrenda ia amaigabea. 14 sartu zituzten tolosarrek, gehienak Goar Artetxek eta Lander Lasak. Azken honek 33 puntuko balorazioarekin amaitu zuen neurketa.
Bere jokalariez harro zegoen Gonzalez: "Horrela defenditzen jarraitzen badugu, erasoan partida kaxkarra eginda ere irabazteko aukera asko izaten jarraituko dugu". Horra, bidea!