Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Ezagutu ezazu... Jon Azaldegi

Elkarrizketa honetan Jon Azaldegi sakonago ezagutzeko aukera izango duzu. Kadete nesken entrenatzailea da eta nesken saskibaloiaren ikuspuntu bat emango digu elkarrizketa honetan.

1.- Zein/zer izan zen zu saskibaloira lotzeko gantxoa?

Ez nengoen gustura futboleko taldeko giroarekin eta saskibaloia geratzen zitzaidan gertuen gainontzeko kirolen artean. Jende askok praktikatzen zuen nire inguruan, familiakoetatik hasi eta kuadrilakoetaraino. Altzora joan igandea atsaldea pasatzera eta saskibaloiean geratu gabe, lagunekin kiroldegira 2x2ak jokatzera 100 puntura, 3x3a, etab.

Hala ere, gehien TAKEren filosofiak erakarri ninduen. Pertsona bere orokortasunean baloratze hori, giro ona taldekideen artean…

Beste estilo bat.

2.- Duela zenbat hasi zinen saskibaloien jokatzen?

Jubeniletako lehenengo urtea hasita zegoela. Ibar, Elus, More, Irurzun eta hauen adinarekin.

3.- Zure burua, jokalari edo entranatzaile modura...non ikusten duzu?

Gaur egun gustura nago. Entrenatu eta jokatu bietan gozatzen dut. Hori bai, entrenatzaile bezela urte gehiago egingo ditudala argi daukat, ez naiz nire osaba Kikek duen gaitasunera iristen eta saskibaloia lehenago uzteko intentzioa daukat. AUPA KIKE!!

4.- Azken urteak neska taldeak entrenatzen aritu zara, nolako esperientzia izan da?

Egia esan ez dut sekula mutilen talde bat entrenatu baina ez naiz batere kexatzen. Gozatzen ari naiz beraiek entrenatzen. Egia esan ez dakit nork ikasten duen gehiago, beraiek nigandik edo nik beraiengandik baina garbi dudana da esperientzia politta ari dela izaten. Gainera emaitzek laguntzen dutenean dena errazagoa da eta aurten horrela gertatzen ari da.

5.- Seniorren taldean lan txukuna egiten ari zara, baita kadete neskekin ere...zein da sekretua?

Lan txukuna ez dakit egiten ari naizen baina egia da bai talde batean eta bai bestean oraingoz emaitzak alde ditugula. Talde bateko jokalariek kalitatea badute eta lan egiteko gogorik ez bazaie falta beren mailako taldeen aurka gauza polittak egin ditzakete. Bai kadete nesken taldeak eta bai senior taldeak bi ezaugarri horiek betetzen ditu. Hori bai, maila altuagoko taldeak iristen direnean orduan komeriak etortzen dira nahiz eta egiten ari garen lana berdina izan.

6.- Nola ikusten duzu nesken saskibaloia Taken?

Pozgarria da Tolosan horrenbeste neskek saskibaloiean jokatzea. Espero dut gaur egun kirolaren munduan nesken eta mutilen kirolari ematen zaion garrantzia poliki poliki parekatzen joatea, egunkarietan batzuei eta besteei ematen zaien garrantzia ikusi besterik ez dago, penagarria da.

7.- Balizko egoera;Armailak gainezka, euskal ligan sartzeko garaipen hau ezinbestekoa duzue, markagailuan 54-56 atzetik zoazte. Alboko marratik sakatzeko aukera duzu. Piii (hutsartea). Zer esango zenieke neskei?

Hauxe esango nieke: Neskak nahi genuen lekuan ditugu!! Baloia saskiratu besterik ez dugu egin behar. Kontutan hartu fisikoki ia bi baloi sartzen direla uztaiaren barruan, bat sartuko ez duzue ba!! Hori esanda nahikoa litzateke saskiraketa lortzeko, uste baino errazagoa da entrenatzaile izatea. Kar, kar, kar.

Kasu horretan entrenatzaile serio batek pare bat jokaldi izan beharko lituzke aurrez prestatuak, bat biko saskiraketa lortu nahiko balitz eta bestea hiruko jokaldia lortzeko. Egoeraren arabera bat edo beste aukeratuko nuke, luzapena komeni zaigun edo ez aztertuta. Erabaki horiek dira benetan polittak entrenatzaile baten lanean.

8.- Zorionak! Euskal ligan jokatzeko txartela eskuratu zenuten, espero al zenuen? Haserako helburuen barruan al zegoen?

Espero, espero… ez dakit neskek zer espero zuten eta nik ere ez nekien nola joango zen denboraldia.
Ligan aurkituko duzun maila jakin arte ezin duzu helbururik jarri. Bagenekien talde borrokalaria izango genuela baina ez genekien zein mailako taldeen aurka jokatzea tokatuko zitzaigun. Lehen bueltan Azpeitian irabazi genuenean, orduan bilakatu zen helburu Euskal Ligan sartzea.

9.- Hemendik aurrera zer?

Maila handiko taldeen aurka jokatzea tokatuko zaigu. Nire helburua neskek saskibaloiean jokatuaz gozatzea izango da. Hori lortuz gero, beren mailarik onena emango dute. Ez dakidana da mailarik onena emate horrek zein emaitza ekarriko dituen, Euskal Ligako taldeen maila ez dut kontrolatzen eta. Nik ere izugarri gozatzea espero dut.

10.-Anaia gertutik jarraika datorkizu, pauso handiak emanaz, zer duzu ari esateko?

Zorionez ezer gutxi dut hari esateko. Bakar bakarrik ere ederki moldatzen den horietakoa da. Nesken kasuan esan bezala, ez dakit zeinek duen gehiago ikasteko berak niregandik edo nik beragandik, izan ere bizitzeko duen filosofiaz denok ikasi beharko genuke zerbait. Hala ere oraindik 17 urte ditu eta gauza asko bizitzeko aurretik. Seguraski bizitzaz duen ikuspuntua aldatuz joango da urteek aurrera egin ahala.

Saskibaloiari dagokionez entrenatzaile apartekin entrenatzeko aukera izan du eta horrek izugarrizko jauzi kualitatiboa ematen lagundu dio. Gazteen presentziak sekulako freskotasuna ematen diete entrenamenduei, bere presentziak tartean.

menu
menu