Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Ezagutu ezazu... Amaia Iraola

Atzerrian lanpetua ibili arren, Amaiak bere ateak zabaldu dizkio TAKEri. Ikasketengatik atzerrian bada ere, beti du begi bat herrian eta klubean gertatzen denaren adi egoteko.

1.- Zergatik hasi zinen saskibaloien jokatzen? Eta nor izan da zure erreferentea?
Eskola kirola adin jakin batean amaitzen denez, horri jarraiki saskibaloian jarraitzea erabaki genuen. Ez naiz oroitzen saskibaloia hautatzearen benetako arrazoia baina gogoan dut eskola kirola egiten genuenean saskibaloiarekin Gipuzkoakoetara iritsi ginela eta agian hori izan zen aurrera pauso bat saskibaloia aukeratzeko, “futuro” gehiago edukiko genuela edo… jaja. Ez naiz damutzen inongo momentuan erabaki hartaz.

Emakumezko erreferenterik ez dugu izan, izan ere, gure taldea izan zen TAKEn lehen nesken taldea. Egia esan, pena bat izan da, inoiz ez baita gaizki etortzen erreferente bat izatea baina emakumeen lekua gizonezkoek bete dutela pentsatzen dut, eta ondo beteta gainera.

2.- Ikastolako estali gabeko kantxetatik, polikiroldegirako bidea luzea izan da, ikastolatik TAKE bezalako klub batera pasatzeak, ze onura ekarri dizkio zure taldeari?
Denetariko onurak eman dizkigu TAKEk alde horretatik. Aipatu beharrekoa nagusiki materialarena izan da kantxarenarekin batera. Ikastolan gauza handirik ez genuen, eta horiek ere egoera ez hain onetan. Kantxa berriz, Ikastolakoa ez da saskibaloian jolasteko onenetakoa baina era batera edo bestera moldatzen ginen. Baina behin TAKEra etorrita, ez dago konparaziorik, sekulako aldea dago batetik bestera. Horrez gain, saskibaloia gustuko duen jendea biltzeko aukera eman digu, eta horrekin jende gehiago ezagutzeko aukera eta giro eta talde polit bat osatzeko aukera ere.

3.- Nola ikusten duzu aurtengo zure taldea?
Eduki ditugun buruhausteak eduki eta gero, gogotsu ikusten ditut denak, gogotsu eta pozik. Udara hasieran taldea aterako ote zen oraindik ez genekien, baina harrigarria izan da egoera horretan egotetik orain gauden egoeran egotea, inoiz baino jende gehiago baikaude taldean. Jende berria animatu da eta horiei esker uste dut nolabait egin duela aurrera gure taldeak. Oraindik ikusteko dago nola joango den urtea baina ez dut zalantzarik asmo eta gogo guztiak jarriko dituztela bai entrenatzaile eta baita jokalariek ere.

4.- Badakigu 6 hilabetez beste proiektu batzuetan murgilduko zarela, saskibaloia maletan al daramazu?
Zalantzarik gabe! Ez dakit zer edukiko dudan atzerrian esperoan baina ahal den neurrian saskibaloiarekin jarraitzeko intentzioa daukat, itzultzen naizenerako baloi bat zer den behintzat gogoratzeko. Gainera ez zait gaizki etorriko, deskonektatzeko modu bat ere izan daitekeelako.

5.- Nola ikusten duzu nesken saskibaloia TAKEn?
Poza ematen du geroz eta neska talde gehiago ikustea TAKEn. Gure garaian gu bakarrik hasi ginen eta ondoren atzetik etorri ziren beste hainbat nesken talde. Egun, neska pila bat dabiltza saskibaloian eta esango nuke geroz eta gehiago izaten jarraituko dutela, azken batean, bata bestearen erreferentzia izaten baitira.

6.- Zure ibilbidean poz, tristura, anekdota ugari gertatuko ziren, zein aipatuko zenuke?
Puff.. denetarik izan dugu taldean eta denetarik izan dut nik ere, baina orain dela pare bat edo hiru urte jokatu genuen Play-off-arekin geratzen naiz. Igo edo jaitsi, ez naiz akordatzen, baina play-off-etan sartu ginen eta larri baina garaile izan ginen. Momentu horretan sentitu genuen satisfazioarekin eta hori lortzeko egin genuen lana eta jarri genuen gogoarekin geratzen naiz. Esan ohi den bezala, ondo egindako lanak bere fruituak ematen ditu…

7.- Ze oroitzapen dituzu ikastolako entrenamendu haietaz?
Oroitzapen oso onak ditut. Helburu ezberdin batekin aritzen ginen garai haietan entrenatzen, eta horregatik entrenamenduak ere ezberdinak ziren gaur egungoekin konparatuta. Hala ere, ikastolan aritu ginen denbora horretan asko ikasi genuen eta beti gogoratuko ditut Naiarak jartzen zizkigun saskibaloiko test-ak. Gustura irakurriko nituzke orain garai haietan idatzi genituenak…

8.- Zure hutsunea non nabarituko da gehien, kantxan edo aldagelan?
Hori nire taldeak esan beharko du. Ez dakit, nik uste, bai kantxa barruan eta baita aldagelan ere bakoitzak bere aportazioa ematen duela, hori egiten saiatzen naiz ni behintzat. Hutsunea nabarituko den edo ez den nire taldekideek ikusiko dute.

9.- Atzerrira zoazela kontuan hartuta, nola informatuko zara TAKE-ren inguruko gora-beherez?
Takesb.com astebururo edo behar den momenturo emaitzak eta gainerakoak ikusteko. Horrez gain, nire taldekideak Skype bidez partiduren bat retransmititzeko zain egongo naiz jajaja!

10.- Aurten tamalez, denboraldi erdia taldetik kanpo egongo zarenez, zein hitzekin agurtuko dituzu taldea eta taldekideak?
Agur bero, animo pila eta 1,2,3 XUXTA batekin agurtzen naiz. Ein Umarmung und bis bald!!

menu
menu