Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Garaipenaren bidean jarraitzen du junior taldeak

Azken bi partidak oso ezberdinak izan dira taldearentzat, batean sufritzea tokatu zitzaion eta bestean aldiz nahi izan duen bezala jokatzeko aukera izan du.

Duela bi aste Zarautzen jokatutako partidan baja asko izan zituen taldeak eta asko antzeman ziren taldearen jokuan, Beñat lehen taldearekin joan zen Bilbo aldera eta Eguren eta Mendilu ere baja izan ziren Zarautzeko partidan.

Hasieratik partidatik kanpo egon ziren eta zaila egiten zitzaien puntuak sartzea, horrez gain atzean egindako akatsak aurkariak aprobetxatu zituen eta markagailuan aurretik joan zen partidako une askotan. Atsedenaldian esandakoari kaso handiegirik egin gabe kantxaratu ziren eta hirugarren laurdenean izan zuten etxekoek abantailarik handiena, 11 puntukoa hain zuzen ere. Une honetan lanera sartzeko txirrina entzun zuten tolosarrek eta lanerako buzoa jantzi ostean laurdenaren amaierara berdinketarekin iritsi ziren. Laurden honetan aurkaria baino gehiago izan ziren eta azkenean garaipena etxeratzea lortu zuten.

Joan den asteburuan, berriz, Donostiako Cafes Aitonaren aurka jokatu zuten. Sailkapenean atzekaldeko postuetan dabilen taldea izaki, nahiko erraz lortu zuten garaipena.

Aurreko asteko esperientzia edukita gogotsu kantxaratu ziren mutilak, ez zuten aurkariari aukerarik emateko intentziorik, eta hori berehala erakutsi zuten lehen laurdenean 7 hiruko saskiratuta markagailuan aurkariagandik aldenduz. Aipatu behar da Jon Alkorta-k egindako lana laurden honetan 6 hiruko saiakeratik 5 gauzatuaz. Halakoren batean atera du normalean ezkutatuta edukitzen duen Ibarrako kasta hori. Hemendik aurrera ezer gutxi gertatu zen partidan, etxekoak nagusi izan ziren momentu guztian eta azken emaitzak argi erakusten duen bezala erraz nagusitu ziren tolosarrak. Azken emaitza 90-56.

Datorren hastean Donostian jokatuko dute Krafft Atletiko Igartzaren aurka. Faseko azken partida izango da eta gauza asko egongo dira jokoan baina ziur tolosarrek dena emango dutela partida aurrera ateratzeko.

menu
menu