Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Karrapal izan zen 2013-ko Tolosa 3x3-aren txapelduna

Infantiletan Basketlariak nagusitu zen eta alebinetan Saltinmankiak

Oso arrakastatsua izan zen beste behingoz TAKE-k antolatzen duen Tolosa 3x3-a.

Urteroko moduan goiz eta arratsaldez ospatzen den txapelketa antolatu zuen pasa den larunbatean TAKE-k. Goizeko txapelketan alebin eta infantilak aritu ziren lehian bi txapelketa desberdinetan.

3 kanasta alebin mailako txapelketarako atondu ziren (altuera baxuagoan) eta bertan aritu ziren izena eman zuten 15 talde. Gaztetxoenak izaki, ilusio handiarekin aritu ziren. Goiza lehian pasa ondoren, 12:30-etan jokatu zuten finala Saltinmankiak mutilek Kongitoak nesken aurka. Azken emaitza 20-6 zela gailendu ziren TAKE Eskolan ikasten aritu diren mutilek.

Beste txapelketan infantilen lehia izan genuen. 16 talderekin gehienezko talde kopurura iritsi zen txapelketa. Hauek ere goiz guztian zehar izerdi franko bota zuten finalera Basketlariak eta Lau txanpiñoiak iristeko. Final hau alebinena baino estuagoa izan zen eta 9-5-eko markagailuaz irabazi zuten lehenengoek.

Aiz Orratz elkartean bazkari bikaina izan ostean (lerro hauetatik eskerrik beroenak sukaldari eta laguntzaileei), arratsaldeko txapelketa etorri zen. Bertan ere 36 taldeko gehienezko kopurura iritsi zen izen ematea. Txapelketa hau batipat Tolosaldeko koadrilentzat zuzendua dago eta 140 gaztek hartu zuten parte.

Talde bakoitzean federatu bakarra izateko mugak lehia pare parean mantentzea ekarri zuen eta ia bost orduz lehian aritu ondoren, finala Karrapal eta Air Palestina taldeen artean jokatu zen.

Oso lehia estua izan zen partida osoan zehar. Lehenik Air Palestinak aurrea hartzea lortu zuen baina honek Karrapal-en autoestimuan eragina izan zuen eta buelta eman zion markagailuari amaieran 20-17 emaitzarekin irabaziz Lander Lasa, Ivan Moreno, Alberto Zalduendo eta Javi Zalduendok osaturiko laukoteak.

Sari berezia izan zen oraingo honetan ere. Nesken partehartzea sustatu asmoz, sari berezia lehian izan ziren neska talde onenari ematea erabaki zen eta irabazle El trio calabera taldea izan zen.

Egindako lan ona ospatu asmoz, afaria Gure Kaiola elkartean izan zen Pelayo buru zutela. Aurrekoen antzera eskerrik beroenak antolatuko afari bikainagatik.

Eta azkenik, nola ez, GBC-ri ere eskerrak eman irabazleei saritzeko emandako merchandising produktuengatik.

ZORIONAK DENEI ETA DATORREN URTE ARTE!!!!!

menu
menu