Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Eskuz eskuko lanaren mende laurdeneko urtemuga

Ataria.info - 2013/11/08

Atzera begira jarriz gero, bide luzea du Tolosako Adiskideok Kirol Elkarteak. Mende laurdenaren urtemuga ospatzen ari dira 2013 osoan barrena, eta bihar izango dute azken festa. Kirol taldea baino harago, giza taldea dela dio Kike Condek (Tolosa, 1970), eta horrek eraman duela TAKE aurrera. Jokalari ohia da, eta saskibaloi taldeko belaunaldi trukearen erakusle, Maria Lasa (Tolosa, 1991) eta Beñat Azaldegirekin (Tolosa, 1994) batera ari da lanean.

1988. urteko lehen pauso haiez gogoratzen da, ordaindik ere Kike Conde: «Berez Eskolapioetako taldea zen, eta jende eskasia zutenez, Laskoraingo batzuk hara joan ginen. Koldo Arsuagak, ordea, bere gisara ardura guztiak hartu, eta TAKE sortu zuten». Garai hartan gizonezkoen senior taldea bakarrik aritzen zen TAKEren izenean, zenbaitetan gaztetxoen talderen bat sortzen bazen ere.

Herritik lan egitea
TAKEren historian bi fase bereizten ditu Kike Conde tolosarrak. Hastapenetako lehen pausoena da lehena, gizonezkoen senior talde bakar harena: «Jendea taldea uzten hasi zen, eta jokalari berriak behar ziren. Gazte gutxi zeuden, ordea, eta Andoaindik nahiz Errenteriatik jendea etorri zen gurekin jokatzera. Talde bat osatu genuen, baina emaitzak kaskartu egin ziren pixkana». Egoera horren aurrean, beraz, erabaki bat hartu zuen taldeak: mailarik apalenera jaitsi eta zerotik hastea, baina herriko jendearekin.

Inflexio puntu horrek funtzionatzeko bide berriak ireki zizkion TAKEri, eta saskibaloia utzita zuen jende helduak bestelako betebeharrak hartu zituen taldean, laguntzaile nahiz entrenatzaile moduan, esaterako: «Kantxatik kanpo geratu den jende horrek guztiak, pixkana-pixkana taldeari gehiago eman dio, eta hor dago aldaketa», dio Condek.

Lan dinamika berri bat baino asko gehiago izan zen, ordea, aldaketa hura; harrobia sortzen hasi ziren pixkana, eta Tolosako kirol erreferente garrantzitsuenetako bat dira gaur egun.

1987-1988ko belaunaldiak eman zion hasiera harrobi horri, Vicente Oteroren bitartez. Gero, pare bat belaunaldi galdu ziren arren, 1991. urtean jaiotakoen taldea sortu zuten berriro, eta harrez geroztik urtero-urtero indartzen joan da TAKEko harrobia.

«Jende gehiagoren inplikazioak ekarri du hori, eta urte askotako lanaren ondorio da», Conderen ustez. Zehazki erabakitako helburu bat izan ez den arren, zerotik haste hark harrobia lantzeko behar bat sortu zuen, finean, eta etxetik lan egiteak ekarri du hau guztia.

Emakumezko gehien dituen kirol taldea
Emakumezko saskibaloi talde bakarra zegoen duela 25 urte, eta San Jose ikastetxearen izenean jokatzen zuten. 1993ko belaunaldiko neskak Laskoraingo kadeteen taldetik TAKEra pasa zirenez geroztik, ordea, maila bakoitzean emakumezkoen talde bana du TAKEk. Honekin batera, Tolosako kirol taldeen artean parekideena da saskibaloi taldea, eta emakume gehien dituen kluba da.

Kirol aukera zabalduz
Oraindik ere futbolaren indarraren pare jartzea oso zailtzat dute TAKEko kideek, eta Beñat Azaldegiren ustez, «oraindik ere sakibaloia bigarren plateraren modukoa da gehienentzat».

Hala ere, jendearentzat alternabita eta aukera bilakatu da saskibaloia Maria Lasaren ustez, eta haur eta gaztetxoei ondo pasatzearekin batera, kirola egitea ahalbidetzen die TAKE eskolak. Kopuruei begiratuz gero futbol eskolan neska-mutil gehiago aritzen diren arren, 260 lagun inguruk osatzen dute Tolosako Adiskideon Kirol Elkartea. Horrela, tolosar gehiago kirola egiten hasteko bidea izan dela uste du Kike Condek: «Futbolari monopolia kendu? Ez dut uste, baina orain jende gehiagok egiten du kirola».

Giza taldea kirolaren gainetikJendeak parte hartzea da TAKEren filosofia; halaxe diote Kike Condek, Maria Lasak eta Beñat Azaldegik.
«Ni duela hiru urte hasi nintzen TAKEn, eta arrazoietako bat giroa izan zen. Saskibaloian aritzen gara, baina giro onak asko laguntzen du lanerako ere», dio Lasak. Horrela, jokatzeaz gain bestelako betebeharrak izatearena estuki lotu dute lagun talde izaerarekin: «Goiko taldean dauden jokalarien ia %90a entrenatzaile lanetan aritzen da, edo materialaz arduratzen da. Denon artean saiatzen gara taldea aurrera ateratzen, eta guztia koordinatzeko buruak badiren arren, oso gertukoak dira; ez dago markaturiko hierarkiarik», dio Condek.

Horrek guztiak norbera proiektu baten zati sentiaraztea dakar Azaldegiren ikupuntutik, eta «hori da TAKEren arrakastaren gakoetako bat», hiruren arabera: «Sekta deitzen digute, baina ez zaigu gehiegi axola, izan ere, sekta deitzen badigute gauzak ondo doazenaren seinale da», dio Kike Condek.

Bide honetan, mende laurdeneko historian beti atzean izan diren horiek bereziki gogora ekarri nahi izan ditu Condek: «Jokatzen duena beti izan ohi da protagonista, baina atzean jende pila batek lan egiten du TAKEn, eta horiei eskerrak atera da talde hau aurrera; horiei eskerrak lortu dugu 25 urte hauek horrela izatea». Boluntario lan hori «handia» da Conderen ustez, eta gaur egun ordainetan ezer jaso gabe ia ezer ez dela egiten dio.

Laguntzaileekin batera, gainera, mende laurden honetan saskibaloi taldearen partidu guzti-guztiak ikustera eta animatzera joan izan direnei ere begirada bota nahi izan diete, «sarri ez baita asmatzen» zaleei eskerrak ematerakoan. «Talde humano horrek eraman du TAKE aurrera, eta gazteek filosofia horri heltzen badiote, etorkizun oparoa izango du taldeak», beraz.

TAKE-REN AZKEN FESTA
09:00-11:30. TAKE-ko infantil, alebin eta kadeteen partidak Usabalek. Animatzera joateko deialdia antolatu dute, TAKE txarangak girotuta. Hamaiketakoa ere izango da.
11:30. Kalejira Tolosako Alde Zaharrean, poteoarekin batera. Jokoak prestatu dituzte,gainera.
14:00. Bazkaria Euskal Herria plazan, zenbait sorpresarekin.
17:00-19:00. Kalejira Jainekin txarangarekin.
Ondoren. DJ Jotatxo karroxa txiki batean ibiliko da musika jarriz, kalez kale, eta guztiek batera afalduko dute.

menu