Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Amaiera estu batean garaipena junior neskentzat

Bajei aurre eginez gailendu zitzaizkien zarauztarrei

Azkenaldiko emaitza onak ikusita ilusio handiarekin azaldu ziren gure neskak larunbateko hitzordura. Joaneko partidan, etxean, 50 – 55 izan zen emaitza, partidu haren amaieran oso estu hartu zuten Zarautzko taldea, baina azken unean ezin izan zuten partidua irabazi.
Oraingo honetan gauzak beste era batera izango ziren konbentzimenduaz hasi zuten gure neskek partidua. Alain, Ainhoa Lakunza, Onintza, Amets eta Andrea baja baziren ere, horrenbestekoa zen segurtasuna, taldeko zortzi jokalarik beroketa hasi aurretik herritik barrena bueltatxo bat eman zutela, polikiroldegira dema hasi baino 20 minutu exkax lehenago iritsiz.

Beroketa laburrak partidu hasera kaxkarra ekarri zuen erasoan. Partiduko lehen saskiratzea lortu arren, lehen laurdenean sei puntu bakarrik lortu zituzten gure neskek. Halere, aurkariak ere ez ziren oso fin ibili erasoan, eta honi esker, lehen laurdenaren amaieran, 9 – 6 zen markagailuko emaitza zarauztarren alde.

Bigarren laurdenean erritmoa bizitu zuten bi taldeek, horrek bultzatuta baloi galdu ugari izan ziren laurden honetan bi taldeen partetik, kontraerasoko puntu ugari sortuz. Laurdenean zehar lan ona egin zuten tolosarrek, partiduko 17. minutuan 17 – 19 aurre hartzea lortu zutelarik. Laurdenaren amaieran ordea, kantxan lekua galdu zuen taldeak eta 25 – 20 markagailuarekin iritsi zen partidua atsedenaldira.

Hirugarren laurdenak bigarrenaren itxura izan zuen. Hasera borrokatuan tartea murriztea lortu zuten gure neskek, 27 – 26 eta 31 – 29 emaitzak lortuz, baina zarauztarrek azeleragailua zapaldu zuten, eta zortzi puntuko aldea ireki zuten. Halere, gureek erreakzio ona izan zuten, eta laurdenaren amaieran 37 – 35 zen markagailuko emaitza.

Partidu ia osoa markagailuan atzetik izan baziren ere, laugarren laurdena partidua irabazteko asmoa erakutsiz hasi zuen gure taldeak. Defentsan lan sendoa egin zuten, eta erasoan asmatu ez bazuten ere, emaitza berdintzea lortu zuten laurdenaren hasieran. Zarauztarrek aurre hartzen zutenean gureek berriz ere markagailuan hurbiltzea lortzen zuten, partiduko tentsioa bizi-bizi mantenduz. Amaiaren HIRUKO saskiratze bati esker lortu zuten gure neskek 22 minuturen ondoren berriz ere aurre hartzea. Zarauztarrek ere ez zuten partiduan zehar eginiko lana alferrik galdu nahi, eta 2+1-eko batekin berriz ere bi puntuko aldea ezarri zuten markagailuan.

Azken minutuan etorri zen partiduko polemika, markagailuan puntu bakarreko aldea zela Egureni teknika inozo bat adierazi zioten. Jaurtiketa librea saskiratu zuten zarauztarrek, baina gureek, etsi beharrean, azken esfortzua egiteko indarrak atera zituzten, eta berriz ere markagailuari buelta eman zioten, 30 segundoko tartean puntu bateko aldea lortuz. Azken 20 segundoetan bi aldiz lapurtu zuten baloia tolosarrek, baina, partidu amaiera estuak sortzen duen urduritasunagatik ez zuten baloia amaieraraino mantendu, eta aurkariei partida irabazteko aukerak eman zizkieten. Halere defentsa sendo mantendu zuten, eta 48 – 49 izan zen partiduko azken emaitza.
Partida biribila izatetik urrun izan bazen ere, entrenamenduetako lan ona islatzen du azken emaitzak.

Zorionak neskak!!

menu
menu