Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

ISTRIPUZ BETERIKO PARTIDA

TAKE Ernioko infantil neskek ozta ozta lortu zuten Tolosara bizirik itzultzea

Pasa den larunbatean, beren mailako aurkaria zuten gure neskek aurrean. Ordiziako infantil nesken taldea. Asteburu hotz eta bustia espero zen eta Ordiziarako bidaia halakoxea izan zen, kotxeak euripean blai. Bidean ordea, ez zen ezer berezirik gertatu. Kiroldegira garaiz iritsi eta HP jokoan murgildu ziren azkar gure neskak, denboraz lasai zebiltzan eta. Beroketa ordea, istripuz beterikoa izan zen, lehenengo Paulak eta ondoren Elik, orkatila bihurritu zuten. Datozen asteetan, ondo zaindu beharko dituzte.
Partida, eguraldia bezalaxe, hotz xamar hasi zen. Erritmo dezentea eta jaurtiketak barra barra bi saskietan, baina saskiraketa gutxi. Tolosarrek atzean sekulako esfortzua egin zuten eta Ordiziarren bi erreferente nagusiak gelditu zituzten. Erasoko jokoan dituzten komeriek ordea, ez zien mesederik egin eta lehen laurdenaren amaieran: 9-6 Ordiziarrak aurretik.
Bigarren laurdenak ekarri zizkien arazo gehien gure neskei. Ordiziarrek saskiratze bakoitzaren ondoren, gogor presionatu zuten eta honek arazoak ekarri zizkien Tolosarrei jaurtiketak egiteko. Jaurtiketak baino, gehiago izango ziren galdu zituzten baloiak presiotik irteteko saiakera horretan. Aiorak, aurkarien 7 zenbakidun jokalariarekin amestu du aste honetan behin edo behin. Kar kar kar. Presiotik irteteko egin behar zuten esfortzuagatik edo, erasoko zelaira iristean ere patxadaz jokatu ordez behar baino azkarrago hartu nahi izan zituzten erabakiak eta jaurtiketa asko eta asko, iritsi bezain pronto burutu zituzten.
Hirugarren laurdenean, gure neskek gogor jarraitu zuten borrokan eta oraingo honetan, lanak bere fruituak eman zituen. Aurkarien jokalaririk arriskutsuena ondo geratuta, erasoan azkar irteteko aukerak sortu zituzten gureek eta baita saskiratze errazak lortu ere defentsan eginiko presioari esker. Azken minuturarte, 6-11koa zen laurden honetako partziala. Bi baloi galduk ordea, Ordiziarrei bi saskiraketa lortzeko aukera eskaini zien eta 10-11 amaitu zen laurdena. Partidua erdi erabakita zen ordurako: 33-20.
Azken laurdenean ere gogotik jarraitu zuten lanean gure neskek eta ez zuten erritmoa jaitsi. Jaurtiketetan asmatzeko denbora pixka bat gehiago entrenatzea falta zaiela nabari da ordea eta ez dute saskipean asmatzea lortzen. Aipatzekoa, Saioak defentsako lanean egin zuen lana partida osoan zehar eta Nereak egin zuen sarrera!
Pena bat Eli eta Paularen lesioez gain, Aiorarena ere. Mina hartu zuen behatzean eta astebetez geldi izan beharko du. Animo denei eta ea errekuperazio prozesu lasaia eta arrakastatsua duzuen. . Eta oraindik lesionatu ez zaretenentzat, BIBA ZUEK! Norbaitek jokatu beharko du larunbatean partidua eta!

menu
menu