Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Nahi eta ezin

Tolosaldeko Ataria

88-69 galdu du TAKEk Pielagosen kantxan. Lehen zatian soilik eutsi ahal izan dio Gonzalezen taldeak bigarren sailkatuari.

TAKEko jokalariek atzo denbora gehiago pasa zuten errepidean kantxan baino. Bi ordu t'erdiko bidaia izan zuten Renedo de Pielagos herriraino, eta beste horren beste itzultzeko. Gauerdi partean iritsi ziren Tolosara, esku hutsik.

Nahi eta ezin ibili ziren tolosarrak ligako bigarren sailkatuaren aurka. Atsedenaldira arte ahal izan zuten: errebotea guztiz kontrolatu zuten, eta markagailuan zazpi puntuko aldea ere izatera iritsi ziren, etxeko taldea urduritzeraino.

Arazo bat baino ez zuen izan TAKEk ordura arte: falta kopurua. Segituan pilatu zitzaizkien, eta horrek ondorioak izan zituen, bereziki hirugarren laurdenetik aurrera. Izan ere, Josu Arregi eta Lander Lasa, falten ondorioz, jokoan nahi baino gutxiago izan ziren. Telmok, gainera, ez zuen bidaiatzerik izan. Tarteka "inprobisatzea" tokatu zitzaiola onartzen du Gonzalezek.

Hori aprobetxatu zuen etxeko taldeak markagailuan alde egiteko: bigarren zatian ia 20 puntuko tartea zabaldu zuten. Zazpi puntura ere murriztu zen aldea azken minutuetan, Landerrek eta Goarrek lau hiruko jarraiak lortu eta gero. Nahi zuen TAKEk. Ahala falta. Segituan erreakzionatu zuten kantabriarrek, neurketa erabakita uzteko: 88-69 amaieran.

Sare sozialetan Aristotelesen mezu bati erreferentzia eginez itxi zuten tolosarrek atzoko jarduna: Zoritxarretan azaleratzen dira bertuterik onenak. "Gaur inoiz baino gehiago" zihoen mezuak. Bertuterik onena, ordea, egunerokotasunean du: taldea bera, nahi duela baino, ahal duela gehiago pentsatu izan duen hori.

Larunbatean, 19:45etik aurrera, Easoren aurka jokatuko du Usabalen. Mailari eusteko, eta bide batez inoiz garaitu ez duten talde bati irabazteko, aukera. Aupa TAKE!

WEBGUNEAN IKUSTEKO: http://ataria.info/tolosa/1459782607803

menu
menu