Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

TAKE Eguna arrakastatsua izan zen

Arratsalde osoan izan ziren maila guztietako jokalariekin osatutako taldeen arteko norgehiagokak. Bertaratu ziren guztiek jaso zuten klubeko kamiseta bana orainarte egindako lanaren sari bezala.

Aurtengoan bete du TAKE Egunak bere bigarren edizioa. Pasa den denboraldiko arrakastaren ondoren, aurtengoan errepikatzea erabaki zen eta gustora agertu ziren zuzendaritzako kide eta jokalariak: “Interesgarria izan da talde guztiak elkarrekin aritzea eta batipat, Billabona aldetik etorri direnak. Izan ere, hauek ez dute besteekin egoteko hainbeste aukerarik urtean zehar”, adierazi digu Koldo “Jofresa” Arsuaga klubeko lehendakariak. “Oso egun polita izan da eta gainera, kamiseta elegante bat eman digute partidak amaitu eta gero”, esan zigun Beñat Azaldegi infantilak.

Partidak arratsaldeko lauak inguruan hasi ziren. Zelai batean infantil talde guztiekin osaturiko hiru talde egin ziren, Aitziber, Juan Mari eta Martia entrenatzaile lanak eginez eta beste zelaian, kadete talde guztiekin osaturiko beste hiru talde, Naiara, Kepa eta Gonzi-ren gidaritzapean. Maila bakoitzeko taldeekin triangular bat jokatu zen. Infantil mailako txapelketa Juan Mari-ren taldeak irabazi zuen (Marta Mendinueta, Laura Bueno, Aitor Congil, Joakin Iturralde, Iosu Arregi, Xabi Goikoetxea eta Julen Azkue-k osatu zutena). Kadete mailako txapelketa, aldiz, Gonzi-ren taldeak (bertan ziren Estepan Aldamiz, Jon Ander Goya, Nestor Etxart, Iker Berakoetxea, Asier Sarasua, Iker Urretabizkaia eta Javi Zalduendo).

Bi talde irabazleetako jokalarien artean jaurtiketa libreen txapelketa bat antolatu zen. Infantilen txapelketako garailea Laura Bueno izan zen eta kadete mailan txapeldun Asier Sarasua. Bi jokalari hauek GBC-ren bixera eta bandera bat jaso zuten sari modura.

Halere, hauek biak ez ziren izan saria jaso zuten bakarrak. Parte hartu zuten guztiek jaso zuten klubak atera berri dituen kamiseta bana eta pozik joan ziren etxera.

Gaztetxoenen txapelketa amaitu eta gero, zaharrenen txanda iritsi zen. Hauek ere triangular bat jokatu zuten. Alde batetik, jubenilak, bestetik, 30 urtetik beherakoak eta azkenik 30 urtetik gorakoak aritu ziren lehian. Txapelketa zaharrenek irabazi zuten (Fernando Mindegia, Juan Mari Lasa, Koldo Arsuaga, Iker Otaño, Kaiet Vidaurre, Mitxel Lakunza, Igor Otero eta Kike Konde), adinak ematen duen “esperientzia” baliatuz. Hiru talde hauetan aritu zirenek afari batez gozatzeko aukera izan zuten, txapelketan izan ziren nondik norakoak ahazteko.

Horrela amaitu zen eguna. Orain beste urtebetez lana gogor egitea tokatzen da, datorren urtearen amaieran, berriro ere, horrelako egun batez gozatu ahal izateko. Argazki galerian, egun horretako zenbait argazki: TAKE Eguna 2007

Urtea ondo amaitu eta 2008 oparo bat izan dezagula denok!!!!!

menu
menu