Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Egin beharrekoak eginda

Promociones Legarzia-ren aurkako norgehiagokan garaipena lortu ostean beste urtebetez izango da Tolosa Aralar Lehen Maila Nazionalean.

Denboraldia amaitzeko jardunaldi bakarra falta denean lortu du salbazio matematikoa Tolosa Aralar-ek. Jaitsiera fase honetan balantze oso txarrarekin sartu baziren ere (3 garaipen eta bost porrot), bederatzi partidetatik 7 irabazita maila mantentzea lortu dute. Gogoan izan behar da, pasa den denboraldian lortu zela igoera amateur munduan dagoen maila altuenera eta helburua salbazioa zela kontutan hartuz espero baino lehen lortu da.

Denboraldi honetan etxean jokatuko zen azken partidarako talde osoa zuen prest Jimy entrenatzaileak. Joaneko itzulian Lizarran jokatu zen partidan 15 puntugatik galdu eta gero (90-75), jakinaren gainean ziren etxekoak ez zela erraza izango garaipena erdiestea. Partida hasterako sailkapenean pare parean ziren bi taldeak eta kanpotarrek ere garaipenaren beharra zuten maila mantentzeko.

Partida hasieran errespetu handia ikusi zen bi taldeen artean. Inork ez zuen gehiegi arriskatu nahi eta defentsan oinarritu nahi izan zuten euren jokoa. Jakina da ligako defentsarik onena duela Tolosako taldeak eta horren ondorioz lehen laurdena eurentzat izan zen (16-13). Laurden honetan, ordea, falten eraginez Kaiet-ek denbora gutxiegi jolastu zuen eta bigarren laurdenean batere ez.

Defentsako ardatza dela kontutan hartuz, baja hau asko nabaritu zen bigarren laurdenean eta kanpotarrak askoz erosoago ibili ziren, erasoko errebotea asko kargatuz eta bigarren eta hirugarren aukerak baliatuz saskiratzeak lortzeko. Defentsan ez ezik erasoan ere makal ibili ziren urdinak bigarren hamar minutuetan eta partziala galtzeaz gain (12-23), atsedenaldira zortzi puntuko desabantailarekin iritsi ziren (28-36). Laurden honen ondorio txarra Goar-en lesioa izan zen. Azken jokaldian bizkarrean zaintiratu bat jasan zuen eta aulkian geratu behar izan zuen partida amaitu bitartean, taldekideak bertatik animatuz.

Partidak ez zuen itxura onik. Are eta okerragoa hartu zuen hirugarren laurdenean. Izan ere, nahiko azkar adierazi zizkioten Kaiet-i beste bi falta (laura iritsiz) eta honek ere aulkian egon behar izan zuen partidako unerik garrantzitsuenetan. Halere, laurdena irabaztea lortu zuten etxekoek (18-13) eta markagailua oso estu utzi zuten azken txanpan dena erabaki zedin (46-49).

Hemendik partida amaierara erasoaren aldeko apustua egin zuten bi taldeek. Goar-ek parte hartu ezin zuenez eta Kaiet-ek bosgarren falta berehala egin zuenez, gainontzekoen lana bihurtu zen erasoan asmatzea. Azpimarratzekoa izan zen azken laurden honetan Kike eta Eneko-ren lana aurkako saskiari begira. Hurrenez hurren 19 eta 16 punturekin min handia egin zieten partida amaierara fisikoki ahituta iritsi ziren nafarrei eta garaipena eta salbazioa etxean gera zitezela lortu zuten.

Esan bezala, garaipen honek maila mantentzea ziurtatzen du eta hurrengo urtean ere Lehen Maila Nazionalean izango dira. Aurtengo taldeak zenbait aurpegi aldaketa izango ditu hurrengo urteari begira eta fundamentuzko aurre denboraldi bat egin beharko da urtea lasaiago joan dadin.

Nola ez, eskertzekoa da Usabal-era gerturatu zen jende mordoaren laguntza. Atsedenaldian zer panorama zegoen ikusita taldeak euren bultzada izan zuen momenturik konplikatuenetan eta garaipena lortzeko ezinbestekoa izan zen.

Atsedenaldiko zozketan saritutako zenbakia 837-a izan zen.

Datorren astean amaituko da denboraldia taldearentzat. Ostiral iluntzeko 20:00-etan Urretxun jokatuko dute bertako Goierri-Verkol-en aurkako derby-a. Bi taldeek maila mantentzea lortu dutenez, “adiskidantzazko” partida batean bihurtu da norgehiagoka.

Partzialak: 16-13, 28-36, 46-49, 76-72.

Tolosa Aralar Kirolak (16+12+18+30): Gonzi (7), Goar (2), Fernando (13), Haritz (8), Kaiet (6) – hasierako bostekoa - Kike (19), Iñigo (0), Martia (0), Alberto (0), Eneko (16), Ion (4) eta Joseba (2).

Promociones Legarzia (13+23+13+23): Aramendia (8), Boneta (18), Juaniz (7), Corvo, R. (0), Corvo, C. (19) – hasierako bostekoa - Soto (2), Labayru (2), Ojer (13) eta Miguel (3).

menu
menu