Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

TAKE juniorrak nagusi Donostian

Garaipen ikusgarria lortu dute bigarren fasearen lehen partidan

Joan den astebukaeran junior mutilek fase berri bati hasiera eman zioten Donostian Atletiko SS-en aurka jokatutako partidan. Lehenengo fasetik elkar ezagutzen zuten bi taldeek eta tolosarrek bazekiten oso partida zaila izango zutela, baina hala ere gogo itzelarekin joan ziren Donostia aldera eta partida bikaina jokatu zuten.

Partida nahiko hotz hasi zuten mutilek eta lehen hiru minutuetan saskiraketa bakarra lortu zuten. Hala ere ematen zuen mutilek oraindik maindireak itsatsita zituztela eta ez zutela esnatzeko gogo handiegirik zeren 6. minutura arte beste saskiraketa bat bakarrik sartu zuten eta 11-4koa zen emaitza. Momentu honetan iratzargailuak jo zuen eta mutilak esnatu ziren bapatean, defentsa asko estutu zuten eta azken lau minutuetan ez zuten saskiraketa bat bakarra ere jaso, horrela laurdenaren amaieran aurretik ziren 11-12ko emaitzarekin.

Bigarren laurdenean baloi dexente galdu zituzten mutilek eta donostiarrek partida zaildu egingo zutela zirudien baina ez zen horrela izan, saskiraketa errazak jasotzen zituen Tolosako taldeak baina saskiari begira ere asmatu egin zuten mutilek eta laurden amaieran ez zen alde nabarmenik markagailuan 27-24.

Hirugarren laurdenean sufritzea tokatu zitzaien TAKE-koei, saskiari begira ez zuten asmatzen eta defentsan arazoak ikusten ziren donostiarren erasoa gelditzeko, laurden honetan etxekoek 11 puntuko aldea ere eduki zuten beraien alde baina tolosakoek ez zituzten besoak jeitsi eta lanean sendo jarraituz aldea pixka bat murriztea lortu zuten laurdenaren amaierara iritsi aurretik 42-35.

Laurden honetan berriz ere etxekoak zentratuagoak atera ziren eta abantaila 11 puntutara eramatea lortu zuten 4. minuturako. Une honetan, defentsa aldaketa batek eraginda, donostiarrak erabat galduta ibili ziren eta gureak berriz lapurtutako baloiak baliatuz saskiraketa errazak lortu zituzten azken segundura markagailuan berdinketarekin iristeko, honela luzapena jokatzeko aukera izan zuten.

Hortzak estututa atera ziren mutilak luzapeneko minutuak jokatzera eta aurkaria konturatzerako markagailuan 9 puntuko aldea lortu zuten, taldeak lagunduta, Beñat-ek sartutako puntuei esker. Aipatu beharreko datua da 4. laurdeneko azken 5 minutuetan eta luzapeneko 5 minutuetan taldeak 2 puntu bakarrik jaso zituela eta 21 sartu zituela.

Garaipen bikaina multzoko goikaldean elkar mokoka ibiliko diren talde baten aurka, baina honek ez du ezer esan nahi eta argi dago lanean jarraitu behar dela finkatutako helburuak lortzeko, lanerako jarrera honekin gauzak errazagoak egiten dira guztiontzat, beraz geratzen diren beste 9 partiduetan gogo berdinarekin borrokatzen jarraitu beharra dago.

Hurrengo partida datorren igandean goizeko 11.50tan Tolosako Usabal kiroldegian izango da multzoko liderraren aurka.

menu
menu