Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Historia egin dute junior mutilek

Denboraldiko lehen helburua bete eta klubean lehen aldiz Euskadi mailan lehiatzeko aukera izango dute gazteek.

Joan zen igandean partida garrantzitsua jokatu zuten tolosarrek Donostiako Inter taldearen aurka. Bi taldeek helburu antzekoarekin hasi zuten denboraldia eta faseko azken aurreko partidara biak aukerekin iritsi ziren, baina partidako emaitzak batzuentzat helburua lortzea ekarri zuen eta besteentzat berriz etsipena.

Partida hasiera nahiko eskasa egin zuten mutilek, kiroldegiko hotza izango zen edo klubeko goi karguek jarritako presioa agian, nork daki. Argi dagoen gauza bakarra da ez zutela asmatu lehen minutuetan taldeak eman dezakeen maila ematen eta aurkariak ederki aprobetxatu zuela markagailuan aurre hartu eta abantailarekin joateko lehen atsedenaldira.

Bigarren laurdenak bide beretik jarraitu zuen. Tolosarrak asmatu ezinik eta donostiarrak, berriz, partidako abantailarik handienekin gozatzen. Hala ere, donostiarrak 6 puntura aldendu ziren unean taldeak erakutsi zuen ez zegoela prest horrelako aukera bat pasatzen uzteko eta erreakzionatu egin zuen, atsedenaldira puntu bateko desabantailarekin bakarrik joan baitziren.

Atsedenalditik bueltan taldeak puntu bat gora egin zuen eta partida irabaztera joan zirela Donostia aldera argi geratu zen. Partidan sartu ziren eta pixkanaka gainean zuten presioa kendu eta aurkaria menderatzeko gai zirela sinetsi. Partidan lehen aldiz aurre hartu zuten eta hemendik aurrera ez zioten utzi aurkariari gain hartzen.

Azken laurdenean, aurkariak ikusita tolosarrak markagailuan urruntzen hari zirela, egurra ematea erabaki zuten eta tolosarrek jaurtiketa libreetatik erabaki zuten partida. Laurden honetan 29 jaurtiketa libre bota zituzten eta nahiz eta batzuk ez saskiratu, portzentai txukuna erakutsi zuten mutilek partida poltsikoratzeko. Esanguratsua arlo honetan Iñaki-k eginiko lana. Jokoan saskiratze bakarra lortu zuen baina partida amaieran 13 punturaino iritsi zen jaurtiketa libreen eremutik.

Ziur nago saskibaloian hasi zinetenean zuetako gutxik pentsatuko zenutela egunen batean maila honetara iritsiko zinetenik, baina lanaren eta esfortzuaren ondorioz gai izan zarete zuen ilusioak betetzeko, irudi ona zarete zuen atzetik datozen guztientzat, argi utzi baituzue umiltasunez eta lagun arte on batean lan egin ezkero gauza handiak lortu daitezkeela. ZORIONAK!!!

Hemendik 2 astera beste erronka polit bat izango duzue esku artean eta ziur nago barruan duzuen guztia emango duzuela Bizkaia aldetik datorren taldea menperatzeko. ANIMO MUTILAK ZUENA DA ETORKIZUNA!!

menu
menu