Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Porrotarekin hasi da TAKE Iurre Taberna

Partida ona jokatu arren, 45-52 irabazi zuen Easok

Hasi du denboraldi berria TAKE Iurre Tabernak. Lehen eta bigarren urteko kadete mutilak dituen talde honek Errendimenduko A2 multzoan jolasten du aurten, erronka polita, baina aldi berean esfortzua eskatuko duena. Donostiako Easo izan zen lehen aurkaria, eta porrotarekin amaitu arren, sentsazio onak pilatu zituen taldeak.

Hasieratik gogor eta kontzentratuta irten ziren tolosarrak, defentsan elkarri lagunduz eta erasoan baloia mugituz. Hala ere, donostiarren presioaren ondorioz, hainbat baloi galdu eta horrek partida amaierako markagailuan eragin handia izan zuen. Lehen 10 minutuak igarota, TAKE Iurre Taberna 5-13 Easo.

2. laurdenean presioa hobeto gainditzen eta saskiratze gehiago biltzen hasi zen TAKE, eta talde bien parekotasunak ez zuen argi uzten zein izango zen amaierako emaitza. Partzial oso parekatuak egon ziren azken hiru laurdenetan: 15-14, 12-14 eta 13-11. Horrela, etxeko mutilek ez zuten lortu hasierako desabantailari buelta ematea, eta esan bezala, donostiarren aldeko 45-52 batekin amaitu zen partida.

Aipatzeko da partida guztian zehar mantendu zen intentsitatea eta talde jarrera, erasoan paseak bilatu eta defentsan laguntzak eman baitziren. Bestalde, saskiratze erraz asko hutsegin zituzten Tolosako mutilek, eta hori ordaindu egin zen partida amaieran. Emaitza baino askoz garrantzitsuagoa izan zen taldeak erakutsitako jarrera: erlaxaziorik gabe eta baloi guztiak borrokatuz. Entrenatzaileak partidan esandakoa eta entrenamenduetan landutakoa praktikan jarri zuten jokalariek, eta hori oso baliagarria izango da datozen partidetarako. Beraz, porrota jaso arren, zoriontzekoa 11 jokalariek egindako lana.

Hurrengo partida Arrasten izango da Mondragon Unibertsitatearen aurka, urriak 19, igandea, eguerdiko 12:00tan.

Hau hasi besterik ez da egin! 1,2,3…TAKE!

menu
menu