Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Partidu handia eta lehen garaipena

Erasoko erakustaldi bati esker 76-59 gailendu zitzaion TAKE Iurre Taberna Atletikori

Partidu borobila A2 Errendimenduko kadeteak larunbatean jokatutakoa. Entrenamenduetan gogor lan egin dute denboraldiko lehen garaipena eskuratzeko eta astean zehar egindako esfortzua larunbatean islatu zuten Atletiko San Sebastian taldearen aurka jokatutako neurketan.

Urduri hasi ziren lehen minutuetan, baina laster eman zioten egoerari buelta eta defentsako lan onari esker lehen saskiratzeak iristen hasi ziren, lehen laurdena 16-14 bukatu zelarik. Bigarren laurdenak antzeko gidoia jarraitu zuen, parekotasuna markagailuan eta lan ona kantxan, bai defentsan eta baita erasoan ere. Atsedenean, 28-26. Aipatu beharrekoak dira presio onari esker lapurtutako baloiak eta presio irteera ondo lantzeari esker lortu ziren kontraerasoak. Horrez gain, taldeak bere altuera baliatu zuen uztaitik gertu puntuak pilatzeko.

Hirugarren laurdena hastear zegoela oraindik dena erabakitzeke zegoen, eta TAKE Iurre Tabernak partidua hautsi zuen orduan. Defentsa zorroztuta aurkariari saskirako bide itxi zitzaion eta tolosarrek lortutako erasoko portzentajea erabakigarria suertatu zen. Kolore guztietako saskiratzeak lortu ziren: gertutik, urrutitik eta ikusgarriak batzuk. Horrela, 28-12ko partziala lortuta partidua bideratuta utzi zuen TAKEK: 56-38.

Azken laurdenean ordurarteko kontzentrazioaz jarraituz aldea mantendu zuen taldeak. 40 minutuetan adi eta lasai egonez oso ondo jolastu dezaketela erakutsi zuten jokalariek. Merezitako garaipena etxean geratu zen, beraz: TAKE Iurre Taberna 76-59 Atletiko S.S.
Nabarmentzeko modukoena partidura joan ziren 9 jokalariek egindako esfortzua eta lan ona, defentsan zein erasoan. Entrenatzen den bezala jokatzen dela esan ohi da, eta horrelaxe lortu da lehen garaipen hau, astean zehar saiatuz eta lan eginez. 4. partida besterik ez zela aipatu beharra dago hala ere, denboraldia hasi besterik ez da egin eta lanean horrela jarraituta bakarrik lortuko dira garaipen gehiago.

ZORIONAK MUTILAK eta 1,2,3…TAKE!

menu
menu