Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

EGINDAKO LANAREN SARIA

TAKE Oria elektrizitateak astean zeharreko lan faltaren ondorioak jasan zituen asteburuko partidan

Merezitako porrota pasa den asteburuan TAKE ORIA ELECTRICIDADeko mutilek jaso zutena. Astean zehar 6 taldekidek entrenamenduetara huts egin ostean, ez zen gauza onik espero partidurako.

Lehen laurdena parekatuta joan zen, eta honen amaieran etxekoak puntu bat aurretik ziren. Hala ere, partiduari txispa eta irabazteko gogoa falta zitzaion, gogo gehien ipintzen zituen taldeak eramango zuen partidua.

Bigarren laurdenean, jarrera aldatzen saiatu ziren gureak, nahiz eta erasoan gehiegi ez asmatu, defentsan, jarrera ona erakutsi zuten eta hiru saskiraketa bakarrik jaso zituzten laurden honetan, bigarren aukerarik eman gabe aurkariari. Horrela, Taketarrek 6 puntuko abantaila lortu zuten atsedenaldira.

Hirugarren laurden hasiera, eta honekin batera partidaren amaiera. 17-2ko partziala etxekoen alde, egoera zaila aurpegia emateko baloi mordo bat oparitu ondoren eta aukera gehiegi barkatu ostean maldan gora ipini zen partida.

Azken laurdena, burua gora eta geratzen ziren indarrak ateratzera. Orain bai, hustu egin ziren gureak, ahalegin ona bota zuten eta 30 minutu eta gero izerditzen hasiak ere baziren gehienak. Baina zoritxarrez edo zorionez(beste baterako lezioa ikasteko gai izan bagara), ezin izan genion partiduari nahi bezalako amaiera eman. 52-49 azken emaitza. Aurreko astean jarrerarekin irabazi genuen partidua, arrazoi berberagatik galdu dugu honetan.

Zorionez, jabetu dira entrenamenduek duten garrantziaz, eta aste honetan gogor ari dira lanean, datorren larunbatean datorren derbyari begira. Partidu polita, denei jokatzea gustatzen zaigun horietakoa, giro ederra sortzen duen horietakoa. 40 minutuz lanean aritu ondoren, gozatzeko modukoa. Gogor lanean…1,2,3…TAKE!

menu
menu