Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

DESPISTEAK GARESTI ORDAINTZEN

54-33 galdu zuten errendimenduko kadete neskek EASOren aurka, bigarren laurdenean partzial handiegia jaso ondoren

Donostian jokatu zuen TAKE Aralar Kirolak kadeteak larunbatean, EASOren aurka. Oraingoan ere bajekin iritsi ziren partidura, baina aurkaria ezaguna izanda partidua aurrera ateratzeko gogoz kantxaratu ziren. Kosta egin zitzaien hasieran, erasotzeko ideia gutxirekin atera baitziren lehen minutuetan. Etxekoek lehen abantailak hartu zituzten, kanpokoek saskiratze errazak barkatzen zituzten bitartean.

Bigarren laurdenean gelditu zen partidua erabakita. Tolosarrak baloia presiotik ondo ateratzen eta konfiantza handiagoaz erasotzen hasi ziren, pixkanaka aldea murrizten zutelarik. Hala ere, EASOk segitzen zuen aurretik, TAKEkoek huts egindako jaurtiketa libre kopuru handia zela medio. Laurdena amaitzeko 2 minutu falta zirela, ordura arte ondo egiten ari ziren presio irteera desagertu egin zen Tolosarren jokotik: bote gehiegi, zentzurik gabeko erabakiak eta, ondorioz, kontraerasoak etxekoentzat. 13-0 partziala lortuz partidua erabakita utzi zuten.

Gure neskek, hala ere, ez zuten etsi eta partidua borrokatzera atera ziren amaiera arte. Jarrera ona erakutsi zuten momenturo eta entrenamenduetan landutakoa aplikatzen saiatu ziren. Gauzak horrela, EASOk eman zuen garaipena, baina azken 20 minutuetan gu izan ginen nagusi markagailuan, 2 puntugatik “irabaziz”.

Agian zigor handiegia izan zen 21 puntugatik galtzea, orokorrean, hobetzeko gauzak egon ziren arren, partidu txukuna burutu baitzuten. Errendimenduko kategorian, hala ere, despisteak eta akatsak oso garesti ordaintzen dira, eta horretara moldatu behar dute neskek. Lana, lana eta lana … ez da beste biderik! Animo neskak!

Larunbatean 10.30tan BERA-BERA taldea jasoko dute Usabalen.

1,2,3…TAKE!

menu
menu