Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Hirugarrengoan ere ez

ZAST Zarautz 45- TAKE Txindoki txiki 13

Antza denez gure neskei aurreko bi partiduak nahikoa jokalari ez azaltzeagatik galtzeak ez zien askorik eragin, orain arte. Zarautzeko Zast taldea zen asteburu honetako gure aurkaria, gure ohiko ordura itzuliz, larunbat goizean jokatzea egokitzen zitzaigun kostako herrian. Aurreko bi asteetan eman den egoera tamalgarria errepikatu zen ordea oraingoan ere, taldea osatzen duten 11 jokalarietatik 5ek bakarrik izan zuten partidura azaltzeko aukera, besteek lesio fisikoren bat edo antza konpromezu garrantzitsuago bat baitzuten. Gauzak honela ez zen partidu erraza aurrean genuena, beroketan gure neskak ohartu ziren aurkarien taldeak maila txukuna zuela eta hurrengo 40 minutuak ez zirela gozoak izango. Dena dela, gure neskak borrokatzeko prest atera ziren kantxara, lehen minututik burua zein gorputza partiduan zentratuta zutelarik.
Lehen bi zatietan ordea Zarautzeko taldea gailendu zitzaion Tolosakoari, espazioak ondo erabiltzen zituzten eta gu gutxiago ginela ohartuta abantaila erabiltzen jakin zuten kontraeraso eta jokaldi azkarren bitartez. Fondoko jokaldi bat ere bazuten, baloia jaso eta saskiratze erraza lortzeko blokeoak erabiltzen zituzten, honek min asko egin zigun hasiera batean, ordurarte gure neskek blokeoak existitzen zirenik ere ia ez baitzekiten. Atsedenetik bueltan partiduak ez zuen gora-beherarik izan, Zarautzeko taldeak aldeari eusteaz gain handitzea ere lortu zuen, baina gure neskek jokatzen badakitela erakutsiz kalitatezko hainbat saskiratze ere lortu zituzten.
Partidua 45-13 markagailuarekin itxi zen, garaipena etxean jokatzen zutenentzat; hala ere, azpimarragarri da Tolosako taldeko Ainhoa, Maddi, Garazi, Jone eta Laidak egin zuten lan gogorra, partidua hasieratik galduta egon arren zorrotz jokatu baitzuten garaipenaren alde. Aipagarria da, era berean, entrenatzaile naiz jokalari batzuen artean sortu den ezinegona, biak hala biek ez baitugu ulertzen hainbat jokalarik partiduekiko duten jarrera eta konpromezu falta, taldeko partaide guztiok gara garrantzitsu eta beharrezkoak partiduak jokatu eta irabazteko, saskibaloia izatez talde-joko bat baita, eta denok bultzatu behar dugu taldea garaipenerantz. Agian atsedenaldi bat da behar dena, Aste Santuetatik itzuli arte ez dugu partidurik jokatuko, hortaz, nahikoa denbora dute jokalariek deskantsatu eta pilak bete-beteta itzultzeko.
1,2,3...TAKE!!

menu
menu