Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Denetariko emaitzak kadeteetan

Billabonak eta lehen urteko kadeteek garaipena lortu zuten (87-29 eta 36-67). Bigarren urtekoek eta neskek, aldiz, galdu (45-39 eta 54-25).

Zortzigarrenean bazidurien TAKE Tovar Iturgintza-ko mutilek beraien lehen garaipena eskura zezaketela Hernanin, baina esku hutsik bueltatu behar izan zuten hala ere.

Sailkapenean azpikaldean dagoen Hernani K.E. taldeari egin zioten bixita tolosarrek, zulotik ateratzeko aukera ezin hobea zirudien. Hernanira Yon Gonzalez entrenatzailearen bajarekin joan ziren, Tolosan baitzegoen seniorraren partida jokatzen.

Partida oso gogor hasi zen bi taldeen aldetik, atsedenaldirarte kanpotarrak izan ziren nagusi baina bigarren zatian pibotek eginiko falta inozoek pisu handiegia izan zuten garaipena lortu ahal izateko. Amaiera 45-39.

Hurrengo astean hil ala biziko partida izango dute. Sailkapenean beraien aurretik dagoen Goierri Seirak-en bixita izango dute larunbat goizeko 12:00-etatik aurrera. Mailari eusteko azken aukera izango dute eta ezinbestekoa da garaipena. Espero dugu aste honetan gogor entrenatzea eta partida aurrera ateatzea.

Lehen jardunaldiko sentsazio txarrak eta gero, TAKE Billabona-k bi garaipen garrantzitsu lortu ditu, eta nahiz eta maila gutxiko arerioen kontra lortuak izan, lehengo urtean baino garaipen gehiago lortu daitezkeela erakutsi dute.

Mondragon Unibertsitatea C taldea kategoriko talde ahulena da, baina pasa den astean esan genuen bezala, saskibaloian edozer gauza gertatu daiteke. Billabonakoek ez zutela fidatu behar ondo zekiten, eta denboraldiko minutu hoberenak egin ondoren 29-4-ko markagailuarekin amaitu zuten lehen laurdena. Etxekoak oso ondo ibili ziren defentsan eta puntu gehienak kontraerasoetan lortu zituzten. Bigarren laurdenean, eta tamalez ohitura den bezala, taldea ikaragarri lasaitu zen.

Bigarrengo zatia entrenamendu bat bezala izan zen Billabonatarrentzat. Jokalariek oso lasai jokatu zuten, defentsan gauzak ondo egin ziren eta erasoan jokaldi ikusgarriak ikusteko aukera izan zuten Olaederra kiroldegira gerturatu ziren guztiek. Bukaerako emaitza 87-29 izan zen, eta berrogei minutuetan zehar etxekoen nagusitasuna nabaria izan zen. Partiduko albiste on bezala, Mikel Agirre gaztearen urteko lehen minutuak izan ziren. Kontraeraso batean bere lehen bi puntuak lortu zituen, ikusleen txaloak irabaziz.

Hurrengo partidua Beasainen izango da, larunbatean, arratsaldeko 16:30-etan, BKL taldearen aurka.

TAKE Billabona: Jon Azpeitia (21), Jon Ander Iraola (20), Gaizka Martinez (6), Iker Urretabizkaia (10), Asier Batalla (8) - hasierako bostekoa - Jon “Matrix” (12), Estepan Aldamiz (5), Mikel Agirre (2) eta Eñaut Urkola (3).

TAKE Laskorain-eko kadete neskek liderraren aurka borroka gogor egin zuten eta aurkariei uste baino lan gehiago eman zizkieten. Bigarren zatian partida erabakita geratu zela uste bazuten ere, taldea berpiztu eta jokaldi polit ugari eskaini zizkien publikoari. Defentsan baloi asko lapurtuz eta erasoan agresibitatea erakutsiz bukatu zen partida, baina konturatzerako denbora amaitu zen. Markagailua alde ez izanagatik sentsazio ona eta akatsetatik ikasteko gogoarekin itzuli ziren etxera (54-25). Aipagarria da gurasoen inplikazioa eta ilusioa partida guztietan. Taldea apurka apurka hobetzen ari da eta hobekuntza horiek azaltzeko aukera datorren astean izango dute, Usabalen, larunbat goizeko 12:00-etan jokatuko baitute Arizmendi Eskoriatzaren aurka. Orain arteko gogo eta ilusioarekin jarraitzen badute emaitza onak lortuko dituztela jakinarazi digu euren entrenatzaileak. Animo neskak!

TAKE Tolosa-k denboraldiko lehen garaipena lortu zuen 36-67 Irungo La Salle Elizatxo taldearen aurka. Partidako gora beheren berri jakin gabe geratu beharko dugu oraingo honetan ere. Datorren partida etxean jokatuko dute larunbat goizeko 12:00-etan Inurris.com Z.K.E. taldearen aurka.

menu
menu