Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Kadeteen arteko derbian, Triki TAKE garaile

Partida berdindu batean, Ignacio eta Mikelen mutilak nagusitu ziren, Pablo eta Iñakiren taldearen aurrean, 48-41.

Gogotsu ziren bi taldeak urteko bigarren derbiaren aurrean, talde biak ondo ari dira lanean eta progresioa nabaria euren jokoan. Aurreko norgehiagokan TAKE Gorritikoak irten ziren garaile, eta Triki TAKE-k “mendekua” nahi zuen.
Lehenengo laurdenean, etxeko talde bezala jokatzen zuena ikusi zen bakarrik kantxan. Triki TAKE-k, defentsa lan on baten bidez, erasoan erritmoarekin jokatuz eta barruko jokalariak bilatzen, markagailuan hasieratik aldea egitea lortu zuen, 10-3.

Bigarren laurdenean, ordea, paperak aldatzen hasi ziren. TAKE Gorriti joko azkarra egiten hasi zen, eta aurkariak defentsan eskuak zertxobait jaitsi zituela baliatu zuen. Horrez gain, Ignacio eta Mikel-en mutilek 3 jaurtiketa libre besterik ez zituzten saskiratu 10 saiakeratatik, horrela, lehen zatiaren amaieran aldea murriztu zen, 19-16.

Hirugarren laurdenean, berdintasun handia izan zen. Bi taldeek saskiratzeak txandakatu zituzten, “etxekoek” jokalari altuen bidez, batez ere, eta “kanpokoek” hegalekoen barneraketak baliatuz. Laurdenaren bukaeran, 30-26.
Azken laurdenera iritsita, ez zegoen oraindik ezer erabakita eta bi taldeak jokatzen zutena jakinda indartsu kantxaratu ziren. Berdintasunak nabaria izaten jarraitzen zuen eta jokatzeko bi minutu falta zirela, 41-35eko markagailuarekin, TAKE Gorritiko entrenatzaileek beren taldeari faltak egiteko agindua eman zieten, aurkariak jaurtiketa libreen marrara joan zitezen. Honek, “etxeko” entrenatzaileengan harridura eragin zuen eta, nahiz eta euren taldeak jaurtiketa libre gehienak huts egin zituen, defentsan adi egonda aurkariek ezin izan zuten hori baliatu markagailuari buelta emateko. 40 minutuak beteta, azken emaitza honakoa: Triki TAKE 48-41 TAKE Gorriti.
Bi taldeek elkar ikusiko dute berriro martxoaren 16an, urteko hirugarren eta azken derbian.

Partzialak, laurden bakoitzeko: 10-3, 9-13, 11-10, 18-15.

Triki TAKE (48): Julen(7), Laiotz(12), Elordi, Beñat, Iñigo, Jokin(6), Juan Carlos(10), Asier(1), Imanol(7) eta Peru(5).

TAKE Gorriti (41): Xabi(5), Arroyo(4), Ioritz, Suki(7), Lasa(2), Eñaut(3), Jose Pablo(2), Mikel, Imanol, Santos(2), Sora(10) eta Adrian(6).

menu
menu